Markel Ormazabal: 'Atzean uzten ez den biharamuna'
Hitzen aurretik heltzen da ikusmena. Ikusmena gureganatzen dugu lehenik, behatzeko gaitasuna. Hitzen bidez elkar ulertzen dugu, hitzak ditugu harremanetarako bitarteko erabilien, hitzekin deskribatzen dugu ingurunea. Eta halaz ere, ikusmenaren ondotik datoz hitzak. 1980an idatzi zuen John Berger-ek About Looking, ikusteko manerei buruzko saiakera. Urte berriko bigarren urratsarekin hil zen, urtarrilaren 2an.
Begiratzen dugun hori soilik ikusten dugu. Eta inork pentsa dezake, erlatiboki bada ere, begiratzea borondatezko egintza dela. Ordea, gure ezagutzek eta sinesmenek eragiten dute gauzak ikusteko dugun manera. Bizi dugun eta bizi gaituen sozietateak baldintzatua dago ikusmena, eta izena ere, sozietateak izendatu duelako jartzen diogu ikusten dugun horri. Kale, bide, eraikinen izenak ez dira izendapen xalo tolesgabeak; izendatzea egintza kontzientea baita. Sinbolo gisa erabiltzen dira izenak, izendapenek markatu egiten dute espazioaren izaera, talde baten memoria gordetzen edo lekukotza egiten laguntzen dute. Edo bestela esanda, interes jakinen araberako lekukotzak sortzen dituen izendapenak memoria moldatuko dute, boterea duenak izendatzen baitu.
Baten faltan bi, eta bigarren urratsaren ondotik bederatzigarrena. Zygmunt Bauman pentsalari poloniarra ere urte berriarekin hil da, urtarrilaren 9an. Zorrotz irakurri zituen, ezkor antzean apika, gure garai aldrebesok, eta antzera izendatu. Likidoa. Behin-behineko bizitzak egokitu dizkigute eta gu muturreko malgutasunean kokatu gara. Kultura moderno likidoaren marka itxuraz ezabaezin dira, Baumanen iritzian, ahazteko joera eta ahanzturaren abiada bizia.
Ez dugu izendatzen baina egunero ikusten dugu. Urgulleko “sacré-coeur ankerra”. Bekatuak banatzen dizkigu handik goitik, eta areago makurragoa dena, pentsamendua ere makurrarazten digu bere oinpera. Ahaztu dugu faxistek gerra irabazi ondoren jarritako ikurra dela, Francoren hezurrak eta zientoka lagunen oroimenak bahituran dituen eraikinaren sinadura bera duela. Ahaztu dugunez atzo bertakoa. Mendizabal apaizaren sexu erasoen trataeran sentsazionalismoa eta arinkeria tonaka. Hitz gutxi, gutxiegi, ordea, Elizaz, elizaren egituraz. Ohartu dugu erasoen jakitun zela egitura, noiztik eta salaketei kasu 22 urte atzera. Konturik eskatuko al dio inork Munillari. Inor hori, langile publikoa balitz eta bestela ere, kartzela bidean izango baitzen halako egoera batean.
Ez dugu ikusten baina kasik egunero erabiltzen edo aditzen dugu izena, nik oraintxe bezala. Ikuste soilak izu laborria eragin behar zuenez gero, ez hain antzina ikusmiran eraikiko ziren. Gaur egun hiriguneetatik gero eta urrunago eraikitzen diren hormigoizko bloke-tzar ikaragarriak dira kartzelak Sararen alabak jasandako hilketa saiakeraren trataeran sentsazionalismoa eta arinkeria baino, krudelkeria ostikoka. Hitz gutxi, gutxiegi, ordea, kartzelaz, kartzelaren egituraz. Zalantzarik egingo ote du inork kartzelaren ondorioez.
Hordituko ginen bart hotzaren babesteko. Biharamuna gaur eta hiriaren gaztelerazko santuaren izenean, amen, baita bihar ere. Eta buruko-min zaizkigu neoliberalismoa, heteropatriarkatua, emakumeen kontrako gerra…. biharamunarekin; buruko-min hitzak. Ohartu gabe betiereko biharamuna dugula buruko-min. ikusiz eta ez izendatuz batzuetan, izendatuz ez ikusiz bestetan, gehiengoaren irudimenak zirikatuz, sortuz eta birsortuz gutxi batzuen aukera. Kontzientzia hebainduoi errazago zaigu sozietatea kudeatzeko ontzat jotzen dugun manerak sortzen dituen ondorioekin behaztoparik ez egitea bihar ere biharamun bada. Gora begiratu eta pekatuak bestearenak dira, beti.