Markel Ormazabal: 'Bazen behin Zubietan kartzela bat...'
Aurkakoa sinestera heldu garen arren, kartzela ez da munduaz beste aldera dagoen zulo ikusezina. Kartzela bera da mundua. Gizartea bera da, oro har, errealitatetik kanpo utzi dutena. Nork oroitzen du, bestela, Zubietan egitekoa diren makro-kartzela?
Lanera bidean, egunero ikusten dut Martutenekoa. Eta ez da egun bat gogoak hormaz beste aldera egiten ez didala. Hori du zer edo zer ikusteak: zer edo zer hori izan badela jabetzea. Eta errealitateaz kausitzeak gogoeta dakar. Gogoeta, noski, hagineko minaren antzera, nork berea. Atzo, herri edo hiriguneetan eraikitzen ziren kartzelak, denen bistara, eta hala, bertatik igarotzen zenak espetxetik haragoko espazioa askatasuna zela sinestarazten zuen. Gaur, gero eta urrutiago eraikitzen diren hormigoizko bloketzar ikaragarriak dira kartzelak, izotza bezain hotzak. Egunetik egunera kartzela eta kartzelatik gehiago duen munduan, boterea duenak bestelako bitarteko batzuk asmatu ditu zigorraren eta beldurraren kultura hedatzeko.
Espazio ezkutatu bat da XXI. mendeko kartzela, gizarteko angelu itsua. Eta masifikatua. Gehiegi erabiltzen da gizarte gatazkak konpontzeko, eta gizarteak kartzeletan husten du hedabideek sortzen duten segurtasun eza. Alderdi politikoek herritarren segurtasuna arazo bezala sartzen dute agenda politikoan, eta hala, kriminalitateari lotutako arazoak konpontzeko modu bakarra Zigor Kodea gogortzea dela dirudi. Europa osoan preso gehien duen estatua da Espainiakoa; paradoxikoki, delitu gutxien duena ere bada. Kartzela badela bezain beste ahaztu dugu Legea eraikuntza soziala dela; akordio bat, gizartean agintzen duten talde hainbaten artean egindakoa. Legeak interes jakin batzuk ordezkatzen ditu, eta norberak ez du bere buruaren kontrako legerik egiten. Terroristek,putek, ijitoek, moroek… eta orain, Madrilgo titiriteroek betetzen dute kartzela.
Kartzelak irabazi du. Ez dugu maite, baina behar dugula uste dugu. Eta alternatibarik ikusten ez dugula onartuta, auziari garrantzia kentzen diogu eta kartzela mendekua dela ahazten zaigu. Kezka beretik hitz egin du gurean Angela Davis pentsalari eta ekintzaileak. Iritzi erradikala du kartzelaz. Indarkeriari zigorrarekin erantzuten ezer konpontzen ez denez, gizarte enpatikoa eta indarkeriarik gabea sortzearen beharra defendatzen du; gizarte antikapitalista, antiarrazista eta feminista, alegia. Begiradak zabaldu eta kartzelaren aurkako borroka beste gizarte eredu baten aldeko borrokarekin lotzea aldarrikatzen du.Ez baitago kartzela bezalakorik mundua ulertzeko.
Bertsolariak esan bezala, kartzelarik onena kartzela ez dena da, eta kartzelarik gabeko mundu bat eskatu zuen hura kartzela zigorrera kondenatu zuten. Agian Zubietakoan amaituko du kondena. Ez dugu jakingo, ordea. Behinola Zubietan kartzela eraiki zutela ere ahaztuko baitugu.