Markel Ormazabal: 'Ergel and Motel'
Hiru urtez bizi izan da laguna Antiguako etxean, maizter. Errenta arrazoizkoa, tratuan atsegina jabea, ondradua. Non oheratu non babes hartu, aukera soila askoren luxua dena ohartuz, lagunaren txokoak gehiegitasun aipatzekorik ez zuen. Akaso berezitasun bat. Azken solairuan egonik, balkoiaren ertzean paratuta hiriko badia ikusteko aukera.
Nagusia, esan dugu, ondradua. Errenta-tratua ixtean, baita aldian aldiko solasaldietan ere, etxea saltzeko halako asmo berezirik ez zuen agertzen. Krisia eta zailtasunak, badakizu, prezioek behera… Eta laguna atsegin handian zuenez maizter, pozeko zen egin aukerarekin. Halako batean, baina, eskaini diote jabeari tratuarekin atzera egiteko pagotxa. Sekula dirua halako kopuruetan zenbatuko zuenik ere! Lagunari azalpen eman dio, nondik heldu duen pagotxa eta beste.
Zerbitzuan izandako higiezinen agentzia nazioartean ere aritzen dela, eta urrun, oso urruneko aberats ahaleko baten eskaintza izan duela. Eskaintza, hau ere esan dugu, neurria hartzea ere kosta egiten horietakoa. Baina bada gehiagorik. Sosduna ez da Donostiara lekualdatuko; uda sasoirako ere ez omen etxea. Nazioarteko sosduna, nazioarteko inbertitzailea da eta aholkulariaren iragarpenen arrastoan heldu da gurera. Delako aholkulariak ohartu du datozen urteetan Kantauri isurialdea, eta, zehatzean Miarritze eta Donostia ingurua, ondasun higiezinetako inbertsiorekin negozio egiteko eremu ziurra dela. Konstituzio eta halako alegiazko idatzietan ezen ez, inoiz eskubide izan den ere zalantzazkoa daitekeen arren, gaur egun hala bada, eskubidea alegia, burtsan kotizatzen den eskubidea dugu etxebizitza. Burtsa aberasbide, gure eskubideak eta Donostia aberasgarri.
Pentsamendua tiraka izan dut etxerakoan, nola suertatzen diren espantu handirik gabe goikoaren gisako konbertsazioak etxeetako atarietan, normal antzean. Politikari, kazetari eta bestelako eskribauak, hauek bai, kezkak hordituko balitu bezala alarmatzen dira halako edo besteko zenbaki-saltsak argitaratzean. Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin, 2015 ikerketa aztertu eta gero Gazteen Euskal Behatokiak aurkeztu ondorioak zeresana eman dute. Autonomia Erkidegoari dagokionez, 35 urtetik beherako herritarrek Gipuzkoan dute euren kasa bizitzen jartzeko zailen, eta areago zailago maizter izan nahi badute. Ikerketak egin bataz bestekoen arabera, errentak soldata garbiaren %67,5 bereganatuko du eta %58, berriz, hipotekak. Aurreko urtearekin alderatuta kostuak 8 puntuko beherakada izan duela-eta, gaitzerdi.
Burtsaz eta kotizazioez solasteko nehor ez etxeko atarian, postontzia eta barruan publizitatea. Engel & Völkers. Lider mundial inmobiliario en San Sebastian. Iragarkiko etxeen argazkiak behatu ditut, metro koadroak eta azkenik prezioekin dardaratu. Motel egin dut gora, pentsatuz motelegi egiten dugula ergeltzat gaituzten horiekin denekin.