Markel Ormazabal: 'Fabriketako baratzetan hazten diren berdelak'
Aurten ere heldu da Maiatzaren Lehena, ospatu ditugu happening eta prozesioak, eta dagoeneko ohiko bilakatu diren gogoetak segizio dituela igaro da. Egungo sistema ekonomikoak eta legedi aldaketek izaera kolektiboa ahuldu dutela, lan harremanak indibidualizatu direla… «Aldaketak datoz mundura» baino, aldaketa etengabe eta bereziki azkarrek bizi gaituzte dagoeneko. Gero eta gehiago dira aldaketaren tamainaz ohartzen duten ahotsak, konparatuz oraingoak Industrializazioa deitu prozesuak eragin zituen aldaketekin.
Lana eraldatu egin zen, aspaldi utzi zion fabrika fordistak erdigunea izateari; ekoizpena fabrikatik irten eta denboran zehar barreiatu da, hirian eta metropolian, bizitza berarekin nahasi arte. Eta lana barreiatzearekin batera, prekarietatea. Aldakortasuna eta ziurgabetasuna. Langileria irudi, jarrera sozial eta subjektu askotarikoetan bereizi eta birmoldatu da. Gaur egun ere hitz egin daiteke langile kontzientziadunez, noski. Hauek, eta Nafarroako UGTko Javier Lekunberriren aburuz, sindikatuetan izena ematen dutenak dira (Langileak ez dira Cristiano Ronaldo. Berria 2016-05-01). Baina datuek adieratzen dute EAEko langileen %21 inguru dela afiliatzen sindikatuetan. Non eta zertan diren besteak?
Ainhoa Etxaidek (LAB) aliantzen beharra nabarmendu zuen Donostiako ekitaldian. Eta preseski, askotariko mugimenduen elkarrekintzetatik eratuko da klase kontzientzia herritar berritua: feminismotik, gazte eta ikasle mugimendutik, hazkunde eredu honen aurkakotasunetik, kooperatibagintzatik… edo, herritarrek hiria eraikitzeko duten eskubidea aldarrikatzetik.
Maoizko galtzen herabe Donostia, eta hala ere, aitzurrak altzoan egin da protesta azken asteotan udalaren herrak eraitsi auzo baratzen alde. Iragan asteburuan urteurrena ospatu duen Añorgako lantegi berreskuratuan, gisa bereko esperientzia argentinarrak aditu eta ezagutzeko aukera izan dugu. Eta Maiatzaren Lehenean, arranbarrilan prestatu berdelaren urrinak aspaldian ez bezala hartu du kaia. Eskuare, giltza ingeles eta sare. Lanerako erramintak hirurak. Baratzea, fabrika eta portua, berriz, lantokiak. Aski ezagun zaizkigun lan-tresnen erabileran nahiz lan-lekuetan gorputzak pentsatzean, ordea, iruditeria kolektiboak huts egiten du. Bestelakoak dira soslaiak, askotarikoak eta aldakorrak, anitzak, gorputzak bezain beste. Irudi eta iruditeria berriak aldarrikatzen dituzte, eta hauek nola kolektibizatu, horixe erronka. Klase kontzientzia berriaren lekeda izango den errelatoa, edo errelatoak pluralean, idazteke d(it)ugu. Formulatu beharreko galderek, saiatu beharko diren erantzunek arinduko dituzte korapiloak; eta tenkatu, bietarik. Etenik gabeko idazketa izango da. Ziurtasun bakarra, kontakizunak hiria eta hiriko borrokak dituela abiapuntu.