Markel Ormazabal: 'Gaur ni Kortxoenea gara'
Fabrika eraiki ninduten, antzerki eskola egin gero. Antzerkia ekintza da, aditza, mugimendua. Espazioaren analisiaren bidez, aktoreak espazioan bertan irrikek, emozioek eta pertsonaiek dituzten norabideak zeintzuk diren ezagutuko ditu. Mugimenduen analisiarekin, berriz, aktoreak bere gorputzaren kontzientzia hartuko du, adierazteko gaitasuna garatuko du.
Okupazioa ere ekintza da, aditza, etengabeko mugimendua. Eta neretzat bizitza; nintzen eta ninduten hutsunea betez, izate berri bat eman didan ekintza kolektiboa. 2010eko ekainaren 27an gorputz berri eta askotarikoek kitzikatu zizkidaten honezkero zaharturik oso nuen hezurdura. Kortxoenea deitu ninduten, Kortxoenea egin naute. Gaztetxea, espazio okupatua, espazio liberatua, amets fabrika edo gune autogestionatua. Tresna, azken finean. Gailu biopolitikoa.
Lerro zuzenak ez bezala, dimentsio askotarikoa nauzue. Eman didaten dimentsio instrumental eta taktikoak egin nau gailu edo tresna, bilakatu du herraminta Kortxoenea. Beste eremu eta lekuetara heltzera ahalbideratzen dut; espazioa bere horretan, ni neu nere honetan, ez bainaiz azken helburu. Arrakala eta fronte berriak zabaltzen dira nigandik; berezitasunak artikulatzen dira nere baitan; aukerak biderkatzen ditut orain. Eta biopolitikoa, ni bezalako espazioek bere beregi duten beste dimentsioagatik: bizitzarena alegia. Nere baitara elkartu eta urreratzen diren bizitzak alderik alde zeharkatzen ditut, eta biltzen ditudan gorputzen desirek naute mugiarazten.
Desira partekatuen elkarlekua naiz. Partekaturiko indarrak zeharkatuz, askotariko esperientziak garatzeko espazio komuna. Gune irekia. Ideiak eta ulertzeko moduak sortzen dituzten ekintza konkretuak garatzeko tresna.
Ez dira ez, ez gara ez hutsetik abiatu. Hutsartetik eta ezerezetik. Eta Kortxoeneakoa ere aurretiako eta askotariko esperientzien zakuan metatzen da. Toki Onena, Zapatari, Ametsenea, Firestone… Izan zirelako, edo izan baziren ere… gu ez gara. Eta ez garelako, egun ere egiten dira. Ez naiz eremu isolatu. Ez nago bakarturik. Inguruak egiten nau eta ingurura zabaldu naute. Eta zabaltzearekin, zentzu eta ideien makina sortzaile bilakatu. Nere baitan ez dira soilik militante direnentzako politikak sortu eta garatu. Ingurukoarena ez ezik, egunerokoaren parte naiz, behar zehatz eta materialena. Inguruarekin elkarrekintzak egin nau laborategi sozial.
Bost urte. Erresistentzia. Erresistentziak, ordea, ez du derrigorrean alternatiba sortzen. Irautea. Mugimenduan irautea. Etengabeko mugimenduan. Entzute eta ibilera. Igarotze eta galdera. Galdetuz ibiltzea. Eta irautean sortzea. Ustekabean eta oldarka, nigan, zugan, gugan sartu eta esangura berriak sortzen dituen indarra sortzea. Subjektibitate nahiz bizi ereduak taxutzen dituzten boterearen gailuak antzemateko, pentsatzeko eta hausnartzeko gaitasuna duen indarra. Eraldaketarako bulkada sustatuko duena, sortzen duena. Honetan bilakatu naiz; hauxe egin nauzu; honelakoxea nauzue.
Gaur, ni, gu gara. Kortxoenea gara. Eta erratzeko beldurrik ez dugu, ez eta gure akatsak onartzeko ere. Jakintzak, aukerak, baliabideak, argumentuak eta afektua metatzen jarraitzen dugunaren ziurtasunak gidatzen baikaitu. Fabrika eta eskola era berean. Eskola eta fabrika. Hari beraren muturrak. Eta tira! Gaur, hemen, sortzea irautea delako.