Markel Ormazabal: "Gure gorputzak plazetan, ura"
Itsas handiko olatuaren indarra, hala diote adituek, mugimenduan jarri duen haizearen abiadura eta iraupenaren, nahiz, bere ibilbidearen neurri edo longitudearen araberakoa da. Areago eta luzeagoa ibilbidea, handiagoa olatua.
Plazak hartzen ditugu, olatuen antzera aldi oro ezberdin, sekula ez berdin. Baina plazak. Ibilbidean zehar hartu ditugu Bulebarra edo Plaza Berria, Alderdi Eder eta kaiko lasta. Plazara eraman gaituen haizearen abiadura eta iraupenaren arabera izan dira, kanpaldiak batzuetan, eserialdiak bestetan. Okupazioak. Pankartak eta aldarriak, askotarikoak. Plazaren eta plazako lurralde-dimentsioan lekutzen ditugu gorputzak. Elkartasun(erako) baldintza emozionalak berreraikitzeko ezinbesteko dimentsioa. Baita dimentsioa afektiboa ere.
Orain urtebete, Eraldia-aren hondarretan, Franco Berardi Bifo eta bere “elkartze-logika” aitatu genuen orriotan. Elkartzea, gorputzak elkarrenganako harremanean jartzen dituen hartu-emana da; elkartzeak, berdingabe eta errepikaezin egiten du komunikazio oro, eta komunikazioa da harreman sozial ororen aurre-baldintza. Sinpatia, berriz, loturazko hartu-emanaren dimentsio orokorra. Logika honi jarraika ageri dira, gorputz, keinu eta emozioen dimentsioak. Emozioez eta gorputzaz ari garelarik, pertsonen artekotasunaz ari gara.
Itsas handiko olatua geldiezina da. Ibilbidean apenas izango da gorabeherarik ozeanoaren ur-azalean, eta amaieran soilik egingo da ikusgai, goititu eta hausten denean. Plaza hartzea altxatze kolektiboa da, eta altxatzea edo errebolta, gertakari fisiko, afektibo eta erotikoa. Plaza hartzea haustura une bat ere bada, egoera jakin batean arrakala. Ekintzak, izan plazakoa edo ezelakoa, aurrez ez zegoen egoera sortu dezake. Aukera (berri) bat. Eta Gipuzkoa plaza, bestelako errealitateak sortzeko herritar antolatuen gaitasunaren baieztapena da. Ezinbestean, poza, alegrantzia, sortzen duen baieztapena.
Gipuzkoa plazan izan da Amador Fernandez-Savater, eta plazan ikusitakoaz idatzi gero. Plaza eta plazetako kontuez zerbait badaki. Plaza hartzea, esana du, “ezohiko denbora” bat ere bada. Eta nekeza da, zaila, salbuespen(e)a(n) edo ezunea(n) bizitz(e)a. Gorputzean salbuespena ohikoa ez baduzu, bederen. Plazetan elkartzen gara, elkartzeak pozten gaitu, baina ezuneetan soilik elkartu gaitezke, elkarrekin egon. Noizbait, ordea, plazaren (plazako) “ezohiko denbora” ez da salbuespen izango. Akaso, plaza bera ere debekatuko dute halakoren batean. Baina honezkero, ikasi du gorputzak ura bezala mugitzen. Haizeak, egunen joanarekin abiadura biziagoan dabilen haizeak, aspaldi jarri gintuen mugimenduan, eta ibilbide luzea dugu atzean. Honek egiten du handi eta geldiezin olatua.