Markel Ormazabal: 'Greba egitetik greban egotera'
Ez alferrik, azken urteetan indarra hartu duen teoria dugu honakoa: Ongizate Estatua deitu ziotenarekin, Estatuak klase borrokaren dinamika historikoaren zati handi bat kanalizatzea lortu zuen. Bestela esanda, langile borrokaren indar eta ahaleginari “jabego publikoa”-rekin erantzun zioten orduko mandatariek. “Jabego soziala”-ren (hau da, jabe ez direnen jabegoaren) bertsio estatalizatua dugu hau. Jabego erregimen berri honetan Estatuak bere gain hartzen zuen erreprodukzio sozialaren ardura. Estatuaren eskumenean geratzen zen ondare publikoaren produkzioa, jabego pribatu merkantilaren erregimen batean ezinezkoa den produkzioa, hain zuzen ere.
Kontrairaultza neoliberalaren ideologiak, ordea, ongizate politiken likidatzea ekarri du, eta jabego publikoa Estatuaren kontuen balantzean kostu huts gisa kontzebitzera heldu dira. Merkatuek estatu kolpea jo dute. Kapitalismoak arrazoi ekonomikoa arrazoi goren bilakatu eta arrazoi ekonomikoaren esparrura irentsi du beste logika oro. Dena kapital bilakatzen da norgehiagokak zuzendutako dinamiketan: merkatu-legea gizarte-legeari gailentzen zaio, eta salerosketa gizarte-harremanei. Eskubide izateari utzi dioten “zerbitzuen” ardura gainetik kentzen hasiak dira Estatuak, kapitalarentzako karga huts baitira. Eta erabilitako metodoa bizitza sozialak beharrezko dituen eremuen merkantilizazioa eta pribatizazioa izan da. Hala, iniziatiba pribatua da harreman sozialen hausturaren aurrean salbatzaile aurkezten zaiguna.
Maiatzaren 30ean grebara noa. Noski noala, arrazoiak ez dira falta. Baina haratago, greban beharko nuke, genuke, sistema honi greban. Krisi ekonomikoa eta bere eragina oso ukigarriak eta neurri batean berehalakoak zaizkigun arren, krisi ekonomikoa baino konplexuagoa den askotariko krisia bizi dugu. Gizarte ereduaren krisia da, eta sakoneko aldaketak eskatzen ditu. Ideologia neoliberalak guztia hartzen du, etengabeko hazkunde ekonomikoaren mitoak bizi gaitu. Guztia formateatua dago norbanakoak pentsa dezan sistema hau saihestezina dela, eta alternatibarik ez duenez, besterik gabe jasan beharra dagoela. Funtsean, kulturala den arazo baten aurrean gaude. Giza harremanen espazio eta denbora egiturak aldatzea ez da egitura aldaketa soilik, ohiturazko balioak baldintzatzen dituen pentsatzeko eta aritzeko moduei ere eragiten die. Maiatzaren 30etik aurrera ere, greban beharko genuke. Greban, lantegiak okupaturik dauzkaten langileekin batera; kontsumo eredu berriak proposatzen dituzten taldeekin; bestelako aisialdi ereduen alde egiten duten lagunekin…

