Markel Ormazabal: 'Gu ez gara kosmopolitak, kosmonautak gara'
Duela ez asko, hiru lau aste akaso, Twitterren eztabaidatzen aritu ziren nola itzuli gentryfication (lurraren garestitzearen bidez, langileak kanporatu, eta hiri edo auzo bat eliteen eskuetan geratzeko prozesua). Rikardo Arregik “donostiartze” proposatu zuen, umorez. Hiriaren merkantilizazioa ez da Donostiaren berezitasun bat, Unai Fernandez de Betoño Hirigintza irakasleak otsaila amaitzear zela Kortxoenean ongi azaldu bezala. Mundu osoan gertatzen ari da, globalizazioa hasi zenetik, etengabeko hazkundearen filosofiaren baitan hiriak ekonomia pizteko gako bilakatu baitira. Marka (Donostia 2016, Gasteiz Green Capital, Guggenheim Bilbao…), errelatoa eta esperientzia. Turistak eta inbertsoreak erakartzeko. Dirua erakartzeko, beti ere.
Eta kultura bihurtu dute amu. Kapitalismoaren turismo industriak merkantzia bilakatu duen kultura. Kultura jakin bat, alegia. Troikaren ostean etorri zen Avignongo Foroa Bilbora, erakustea kulturak baduela bere pisua ekonomian. Bestela esanda, baliabide publikoak eskasian utzi dituzten honetan kulturaren balioa kostu-irabazi logikara gutxitu digute. Eta administrazio publikoaren kudeaketa burugabearen ondotik, enpresa pribatuak agertu zaizkigu kulturaren sostengatzaile (Heineken jazzaldia, Kutxa Kultur…). Kultura motore ekonomiko soil bezala aurkeztu eta defendatuz, kulturari ahalmen politiko eta askatzaile oro erausten diotelarik.
Zer pentsatua eman beharko luke kohesio sozialerako gako behar lukeen kulturaren erabilerak. Kezkatzekoa da egoera. Eta kezkatuta bezain haserre agertu berri da hiriko PSE-EE, Donostia 2016 egitasmoa dagoeneko ez omen da “erakargarria”, “( ) ezta donostiarrenzat ere”, esan du Odon Elorzak. Beraz, donostiarron aurretik besteren batek galdu du egitasmoarekiko “miresmena”. Diskurtso globala sustatzen duten mezuak datoz kanpotik, Donostiako egitasmoak tokiko gauzei garrantzia handiegia emateko arriskua dagoela dioten diskurtsoak, hain zuzen ere. Eta ikuskari hauek esan dute egitasmoak finantziazio eta babes pribatu gehiago beharrezkoa duela.
Odon bere horretan: “pentsakera eta ikur politikoetatik harago dago kultura hiriburutza, baina zoritxarrez hasierako arima galdu du dagoeneko”. Izan ere, Odonen kosmopolitismoan dirua eta honen erabilera pentsaera eta ikur politikoetatik harago egon da eta dago. Berandu baino lehen hasierako proiektuari heltzeko eskatu dio ustezko sozialistak alkateari. Artearekin makillaturiko azpiegiturei indar handia ematen dien hasierako proiektu hartaz ari da. Ricardo Arregiren umoreaz harago, gentryfication “donostiartze” gisa jasoko duten hiztegien akuilu izango den hiri ereduaren mesedetan. Eta ni, Estricalla musika taldeak Kortxoenean kantatu legez, inon ezetik hamar mila argi-urtera uzten nau alkate ohiak, ez bainaiz mundu honetakoa, ez naiz. Kosmonauta kosmopolita beharrean.