Markel Ormazabal: 'Holidays in The Sun'
Iragan ostiralean Amaia Portugalek etxe honetan bertan ireki leihotik egin dut salto. Ezustean, tupustean harrapatzen du kulturak Amaia: “oso harreman inprobisatua dut kulturarekin”. Eta inprobisazioa da, hain zuzen, punk kulturaren ezaugarri bat. Punka espontaneoa da, edo ez da.
Saihestezina zen punkaren sorrera. Pop musika ernegatzen hasia zela ohartua zen ez jende gutxi (musika industriako langileak, bereziki). Ideologia oro agorturik zela zirudien eta ekonomia irteerarik gabeko kalean sarturik. Protestaren urrezko aroa amaitua zen eta musika enpresa handiek bizkar eman zioten berrikuntzari. Historia gaizki ikusia, egintza espontaneoa nahikoa zen bere baitan.
Kultura, agh, gainontzeko gailu guztiak saltzen laguntzen duen kontsumo-gaia, eta gisako esaldi artezak baliatu zituen punkak. Aharik eta kapitalak 60ko kritika erradikalena (ere) bere baitan arrazoizko bilakatu zuen arte. Kultura bilakatu zen punka gero. Estetika hutsa merkatuan, produktua. Espontaneotasuna erauzi zioten. Eta Sex Pistols taldea izan daiteke parodia honen adierazle behinena.
Aldian aldiro taldearen kantuak entzutera egiten dut. Ez dut taldearekin harreman inprobisaturik; aitzitik, aldartearen araberakoa izaten da hautaketa. Turismoak gogaiturik egin dut gaur Holidays in The Sun kantura salto. Punkari atxikitzen diogun terrore kulturala eta probokaziorako berezkotasuna fin ohartzen dugu “I wanna go to the new belsen” esaldian. Eguzkitan baino, nahiago oporraldia Bergen-Belsen kontzentrazio esparruan igaro. Zentzugabekeriaren zilegitasuna ezarri nahi izan zuen punkak, eta zentzugabekeriak aise gainditu gaitu. 70ko hamarkadan eskandalu zena, ohikoa zaigu egun. Gaur, kontzentrazio esparru eta kartzela izandakoak bisitatu ez ezik, bizi-esperientzia galdatzen dugu oporretan. Preso edo torturatu sentitzeko ordaintzen dugu; halakoak ematen dute, gaur, kapital-kulturala. Espektakuluak jarraitu artean, etengabe ordezkatua izango da. Ezberdina baina aldi berean gertukoa, etxekoa izango zaigun ordezkapena.
Turistak eskatzen duena eskaini behar du ezinbestean turistak hartu nahi dituen hiriak. Ezberdina den hori erakutsi behar da, ezberdintasuna agertzen dugu turismo-gidetan. Ordea, eta turismo-gidekin gidatzen garenez gero, turistak ez du espero ezer berririk, “ikusi beharrekoa ikustera” datoz. Manuel Delgado antropologoaren hitzetan, esperientziaren industrian turismoak funtzio bat du: ametsak betetzeko bidea ematea. Eta nor bere ametsak egiaztatzera joan ohi denez gero, turistari faltsua dena saltzen zaio batik bat; baina paradoxaz, benetako izateko itxuraz.
Turismo eskaintzak manipulatu egiten du ingurunea. Udalak aldatu egin du eremu turistikoaren definizioa: urtarriletik aurrera, eremua zabaldu eta 150 metro koadrotik gorako saltokiei urte osoan emango die jaiegunetan irekitzeko aukera. Marka handien mesede eta denda txikien kaltera hartu neurriak merkataritza ordutegien liberalizazioa dakar, lan baldintzen okertzea, prekarietatea, familia eta lana uztartzeko zailtasuna… “A cheap holiday in other people’s misery” dio Sex Pistolsek Sid Viciousek idatzi jatorrizko Belsen Was a Gas kantuan. Iragarpen arrazoizko eta beldurgarria. Oporraldi merkeak besteen miserian…