Markel Ormazabal: 'Oharkabeko memoria'
Paseoan nebilela otu zait, paseatzea bera bidaiatzeko modurik mengelena dela, bidaietan bidaiarik apalena. Eta hala ere, ez dago paseatzea bezalakorik errealitatearekin lotuan sentitzeko. Azartasunez endredatzen dira memoria eta arreta eta irudimena pasieran. Memoriak, gogo eta sentimenduen mundutik ihes egiten zuela idatzi zuen Walter Benjaminek, harik eta ezagutzeko tresna zehatza izateraino. Pasieran idoro zuen metodoa. Paseoa, esperientziaren metafora bezala. Esperientziak zer pentsatu ematen digu, mugimenduan jartzen du pentsamendua. Ibiltariaren orainaldiko esperientzian beti nahasten dira iragana, oraina eta etorkizunaren agerpenak. Baina horretarako, paseoak planifikatu gabekoa izan behar du. “Oharkabeko memoria” esan zion Benjaminek.
Eta nik norabide zehatzik gabe egin dut etxetik kalera, harik eta paseoaren esperientzia Ontzi Museoko hagan txirikordatu zaidan arte. Bandera yankiak dilindaka egiten du Zoriontasunaren bilaketa erakusketaren karietara, eta bertan bildu zaizkit eraikin zenbaitetan kirika dauden gizon ilustreen aurpegiak; horien artean, Frantzisko Xabier Maria Munibe Idiakez, tituluz Peñafloridako kondea.
Euskal ekarpena AEBko independentziari azpititulua du erakusketak. Britainia Handiak ezarri zergek Tearen Matxinada biztu zuten Bostongo portuan, 1773an, eta aldi berean, Independentzia Gerra delakoa isiotu. Hamahiru urte igarota, ordea, atzekoz aurrera egin zuen eszenak, eta jazarria jazarle bilakatu. Gerra amaituta herritarrak haserre ziren agintari berriek eman tratuarekin. Hauek, gerra-irabaziak nola banatu ari ziren, behekoez ezaxola. Aberasteaz gain, lursailak zatikatu eta nekazari txikiak maiztertzan hartuz , gobernu berriaren babes-oinarria sortu zuten. Bestela esanda, historiako agintari kasta aberatsena sortu ez ezik, aberats eta pobreen arteko eustorma zen “klase ertain” berri bat ere sortu zuten. 1786an protesta egitera abiatu zen Bostonera ehundaka langile, eta Benjamin Lincoln jeneralak armada prestatu zuen protestarekin amaitzeko. Nola eta Bostongo merkatariek bildutako diruarekin.
Erakusketak gogora ekartzen du gure itsas historiaren atal bat, baina nonbait, hango eta hemengo herrien, klaseen zanpaketaren historiari, konplizeei epairik eman gabe. Euskal herritar franko ibili zen itsasoz beste aldera borrokan, baina Soraluzeko Armen Errege Fabrikaren eta Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren ekarpena azpimarratzen dira batez ere. Gerraren negozioa, alegia, ahaztuaz gerrak nola eragiten duen klase harremanetan.
AEBetako Independentzia Aldarrikapena baino hamar urte lehenago, 1766an, Matxinada biztu zen Urola aldean. Herritarrek ezin eraman zuten elite ekonomikoaren esku zeuden erregimentu itxiko udalek ezartzen zieten zama, eta gosez hil hurran, eltzea sutan jarri zen. Manuel Maria Arriola Corral Donostiako alkateak zuen errepresioaren ardura, eta horretarako gurean ziren Irlandako erregimentuko 300 soldaduren zerbitzuak erosi zituen. Nola eta Donostiako Kontratazio-etxeak eta Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak bildutako diruarekin. Konpainia berak sustatu zuen urte bete lehenago Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Peñafloridako kondea buru zuela.
Atlantikoko haize eta korronte zirkularrek itzuli egiten dute joandakoa, eta itsasertz bateko gerra-irabaziekin egin ziren gerra-irabazle beste ertzean, eta atzera berriro korronteekin, ertz bietako negozioetan burgesiaren interesak defendituko zituzten kanpainak finantzatuz beti. Gerra eta irabazi gehiagoren arrastoan segi zuten gero, gaurdaino luzatzen dela kasta beraren lorratza. Lokatz horietan gabiltza pausoka. Horregatik behar ditugu orain arte nagusi izan direnen aldean bestelako kultur-erreferentziak. Oharkabekeria eta oharkabekoa ez baitira gauza bera.