Markel Ormazabal: 'Perla petit borobila'
Ezin irri zabalagoarekin irakurri dut hilaren 13an, asteazkenarekin, Berria egunkariak Koldo Izagirre idazle paristarrari egindako elkarrizketa. Eta bat nator bertan esaten direnekin. Finean, idazlearentzat “herritartasuna sortzeko” hain beharrezkoa den kalean maiz purrustadan entzun-esan ditugunak bi orritan sintetizatzen dituelako.Gentrifikazioaz ari zaigu Koldo. Nola Antigua bezalako langile auzoguneetan, inoiz izan ziren fabriken arrastorik dagoeneko ez den, burgesia ertain bat kokatu delarik nekez berriro maoizko prakak ikusiko dituzten plazetan. Turismo kulturala eta turismo gastronomikoa. “Perla polit biribila/dendarien hiri hila( )”. Eta turismoak morrontza dakar, inbasiboa baita. Turismo horren menera suntsitu dute Donostian popularra dena edo langileen munduarekin zerikusia duen guztia. Bitartean, zelatari dugu “bekatuak banatzen dizkigun sacré-coeur ankerra”. Urgulleko begia. Ados, Donostiak bere historia asumitu beharra dauka, eta zer izan nahi duen erabaki, nortasunik gabe geldituko ez bada.
Paris-tik Parisera. Henri Lefebvre filosofoak (baina baita soziologo, geografo…-ak) 60ko hamarkadan jarri zizikigun “etxeko-lanak”. Eta gure zereginak kapital urbanizatzaile globalizatuaren eromenetik urrun den hiri erabat ezberdina irudikatu eta birsortzean datza. Hori ezinezkoa zaigu, aurrez bizitza urbanoaren eraldaketa helburu duen mugimendu antikapitalista gogotsu bat eraikitzen ez badugu. Subjektuaren beharretan gaude, beraz. Eta zein da bada subjektu antikapitalista, langile mugimenduarekin zerikusia duen guztia suntsitu duen hiri batean? Lefebvrek berak zioen langile klase iraultzailea askotariko langile urbanoez osaturik zegoela, eta ez soilik fabriketakoez. Klase formazio oso bestelakoaz ari gara: puskaturik eta banandurik, askotarikoak bere desioa eta beharretan, maiz aldagarria oso, antolatu gabea eta solidoa baino, likidoa. Batzuentzat erreformismo hutsa izango da, baina nago oraindik ez garela jabetu mugimendu sozial urbano askok eskeintzen duten eraldaketa aukerez.
Denboran gertuagokoak zaizkigu Pariseko banlieu-etako kotxe lamatan erreak, Bulebarreko autobus kixkaliak baino. Eta Pariseko gauek argitsu izaten jarraitzen dute, leherketa sozial hauen aurretik bezala. “Marku inkonparableak” ez baititugu Donostian bakarrik, eta horien mugetan eraginez, Eiffel edo Kontxako badia ukitu gabe, mugetan izango garelako beti. Eraldaketa mugetatik helduko dela jakinda ere.
“Hiriak elkarrekin bizitzeko sortutako guneak dira”, eta elkartze hori, ezinbestean, kalean ematen da. Kristo bekatu banatzaile, pintxo galant eta Tabakalera ez tabako ez kulturarik gabekoen artean, ordea, sumatzen da maoizko prakarik ez, baina kalea aldarrikatzen duen bestelako Donostia. Ez hegemonikoa, baina gutxiago aldian aldiko postala sortzeko baliatuko duena turismo hiriak. Eta agian hortxe dugu aukera, diferente egingo gaituena, hiria eraikitzeko beharrezkoa dugun nortasun propioa emango diguna. Intxaurrondo edo Parte Zaharreko Haur Txoko auzolanean sortutakoetatik, Egiako Auzo Elkarte berritzailera, Txantxarrekako esperientziatik igaroz, Igeldoko Herri galdeketan puntu eta jarrai. Ez dira ohiko tailerretako lanak, bai ordea ateak zabalik, kalean egiten direnak. Partaidetzazko prozesuok izan daitezke Donostiaren marka diferentea. Herri partaidetza daiteke Koldok faltan duen nortasun ikur bestelako hori. Eta kalea, noski.