Markel Ormazabal: 'Purist go home'
Festa bertatik bertara ezagutzen ez duenari danborradaren zerak eta mamiak azaltzeak ezer ez du errazetik. Kanporantz zein barnerantz eragiten duen identitate osagai sendoa dute festek. Komunitate baten identitatea kanporantz proiektatzeko aukera ematen dute, eta maiz, komunitate horren lehen irudi edo ezaugarri nagusi gisa erabiliko dira. Nolako jaiak, halako herria. Era berean epaitzen gaituzte gu ere. Okerrean. Baina nola azaldu? Hain dira ezberdin festak kanporantz proiektatzen duena eta festa egiteko manerak!
Aurten ere izan da galderarik, eta erantzunekin irrist egin aurretik, 2014an argitaratu zen Emeki-emeki berdintasunezko danborradarantz azterlana hartu dut helduleku; festaren barruetan murgiltzeko ezin aproposago. Festaren ezaugarri dira, besteren artean, dibertsioa eta libertimendua, jolasa eta barrea. Seriotik ere badu, ordea. Ikerketak sarreran ohartarazten digu: “parrandaz harago, oso gauza serioak egoten dira jokoan” festetan.
Komunitate bateko kide izatearen sentimendua biztu eta indartu ez ezik, festak nor “bere” lekuan paratzen du. Festa ez da gertakari edo pasadizo isolatu soila. Aitzitik, gizarte harremanen eta egiturazko arazoen eszenaratze zaindua eta neurtua dira. Festetan gizarte harremanak birsortzen dira, beren hierarkia, ezberdintasun eta guzti. Baina ordena soziala zilegi egiten duten era berean, berau kuestionatu eta eraldatzeko ahalera ere badute.
Errealitate dinamikoa dira festak eta danborrada ere jatorritik aldatu da etengabe. Piter Ansorenak berriki gogorarazi du hastapenetako danborradek zein antz gutxi zuten egungoekin: kopuruan gutxiago, mozorroturik parte hartzaile guztiak eta inauteri giroa nagusi. Egun, ordea, zurruna eta solemnea, neurrigabe arautua, ukalondoak eta muturluzeak eta biboteak, halakoa da danborrada kanpo-begietara. Eta barruko begi ez gutxik berdin ikusiko dute, kanporantz proiektatzen duen hori bera irudikatuko baitu festak barnerantz.
Frogatua dago: tradizioaren defentsa mugiezina gizarte botere eta ospe handiagoko sektoreei loturik joan ohi da; proposamen berritzaileenak, berriz, boteretik baztertuen dauden sektoreetatik datoz. Ordea, orain “aldaezina dena” iraganeko aldaketaren emaitza da. Eta “berezko” aldaketarik ez dago. Interes jakinek eragiten dituzte aldaketak, eta interes horien arabera eraikiko iruditeriak. Bada, azterlanean irakurri dut: inauterietatik urruntzeko ahalegina frankismoarekin bizkortu zen, eta garaiko udal gobernuek, ordena, diziplina eta herabetasuna ezarri zituzten. Aginteak debekatu egin zuen kalean paperezko gorroak, karetak edo inauteri kutsuko ezein elementu erabiltzea, festaren “tradiziozko zentzuarekin” bat egiten ez zutelakoan. Inprobisazioa kate motzean lotu beharra zegoen, bat-bateko danborradak zigortu. “Gamberros empeñados en convertir nuestra fiesta ritual en una parodia de carnaval brasileño” (Diario Vasco, 1962-01-22), ebatzi zuen prentsak.
“Betikoa”, “tradiziozkoa”, “historikoa”… eta garbizalea etxean gera bedi. Festazaleon iruditerian ongi iltzatu danborrada alternatibo horietako batean irakurri nuen izenburuko leloa. San Sebastian egunez. Banderari lanetan zebilen mozorrodunak gogoz astintzen zuen plastiko pusketan. Arratsaldea azalpenetan agortu zitzaidan, aharik eta ohartu nuen arte, danborrada alternatibo bat bertatik bertara ezagutzea baino zer hoberik ez dela festaren zerak ulertarazteko. Edo “ez nuen hau espero” bat aditzeko, finean berdina dena…