Markel Ormazabal: 'Speculum'
Hain begien bistakoak zaizkigun egia horiekin gertatzen den berbera gertatu zait kazeta honek Enrique Ramos (PSE-EE) hirigintza zinegotziari egin elkarrizketarekin. Halako egia hain agerikoa denean, hura zalantzan jartzea ere zentzurik gabea otzen zaigu, baina gogoa pausatu eta sakonago ikertuez gero, egia hori igual irrazional samarra izango da.
Kazetaria hasi da galdera lanetan: Udalak iragarri du Parte Zaharrari “tratamendu berezi” emango diola, orduan zergatik baimendu hotel berri bat eraikitzea? Hasteko eta behin, dio Ramosek, udalak ez du hotel bat eraikitzeko lizentziarik eman, lanak egiteko lizentzia bat baizik. Eta “kasu horretan hotel bat egiteko” lanak baimendu diren arren, bata eta bestea, aizu, ez dira gauza bera. Zinegotziaren iritziko, lanak baimendu izanak “ez du esan nahi –hotelak- baimena izango duenik”. Izan ere, “Plan Orokorraren moldaketa onartu gabe dago, eta hori gertatu bitartean egungo araudia dago indarrean”.
Hasteko eta behin, diot nik, zinegotziak ez du adierazi hotela posible ez denik, ez denik posible orain edo ez denik inoiz posible izango. Esan duena da batak ez dakarrela derrigorrean bestea, hotela egiteko gaurko lanek ez dutela zertan biharko hotela izan. Baina ez izango ez denik.
Ez dakit gure inteligentziari erronka egin nahi izan diolako, edo urbanismo arauak errespetatuz hitz egiten ari delako, baina zinegotziaren arrazoibideak ulerbide errazik ez du. Esan nahi dut, erraz ulertzen da egungo Plan Orokorrak ez duela hotel berrien eraikuntza mugatzen, eta beraz, hotel bat eraikitzeko lanak legezkoak eta arauari egokituak egongo direla. Araudiari proposatu moldaketek, baina, auzoa “eremu ase” izendatzen dutela, eta besteren artean, hotel berriak eraikitzea debekatzen duela.
Ulermenak une honetan egiten du laprast. Inbertsio ziurrik ez dago, galera ziurra izango duen inbertsiorik ere ez. Alegia, zein inbertsore engaiatzen da hotel bat eraikitzera, lanak hasi aurrez jakina bada hotelak ez duela jarduera lizentziarik ukanen? Zergatik, zer dela eta, zertarako baimendu lanak? Altruistetan altruista da enpresaria, edo dirua zuritzeko operazio dira lanak, edo besterik gabe, inbertsoreek zalantzarik ez dute beharrezko lizentzia denak eskuratuko dituztela.
Ulerterrazagoak dira Eneko Goiaren hitzak. “Hotelak sektore pribatuak egiten ditu, ez administrazio publikoek”, argudiatu zuen 2017ko ekainean. Adituek diote, turismoa, eskaintzak sustatzen duen sektorea izatetik, eskariak sustatzen duen sektorea izatera pasa dela. Alkatearen iritziko, hotelak egiteko lizentzia eskaerak baldin badaude, badaudela, “esan nahi du dirua inbertitzeko prest dagoela jendea, etekina ateratzeko aukera ikusten dutelako”. Donostiak behinola izan duen hotel gelen “muga”, industriaren –eta ez kontsumitzailearen- eskaera hauekin osatuko da, “eta merkatuak esango du zeintzuk duten arrakasta eta zeintzuk ez”.
Espekulazioa hitza latinezko “speculum” (“ispilu”) hitzetik egin da. Pentsamendu erreflexiboa da, pentsatzailearen gogoan munduko gauzak ispiluan bezala islatzen direlakoan. Bigarren zentzu batek, errealitateaz kanpoko gogoeta edo asmaketa huts legez aurkezten du espekulazioa. Ohikoan, hitzaren zentzu ekonomikoan, gauzak erosi eta garestiago salduz merkatuaren gorabeherak profitaturik egiten den negozioari esaten zaio.