Markel Ormazabal: 'Tamainak ez du garrantziarik'
Herri jakituria banandurik dago tamainari dagokionean. Handia(k) eta txikia(k), garrantzia duena eta ez duena, batzuentzat gehiago, gutxiago besteentzat. Nola ikusten-ulertzen dugun mundua, badu horrek eraginik auzian. Berriro ere egutegia jaien ondorioz gorriz tindaturik azaltzen zaigun honetan, jaietan gertatuek jartzen gaituzte auziaren aztarnan.
Uztailak 6, Iruñeko Udaletxe plaza. Hemeroteka oroimena dugunetik lehen aldiz txupinaren lehertzea atzeratu egin da. Eztabaida interesgarria sortu da bost bizardun eta hainbat buru irudimentsuren ekimenaren ondotik. Eta interesgarria diot, lerdokeria, barne-hustuketa eta kalapitaren artetik, eztabaidak nor bere lekuan jarri baitu. Gertakarien ekuazioa xinple askoa da. Nafar askok bere identitatearen partetzat ikurriña badute ere, hiriburuko Udaletxean ez du tokirik ikurrak. Areago eta gehiago, herrialdeko erakundeetan debekaturik dago jartzea. Erakundeetan bakarrik? Udaletxeko plazara San Fermin bezperaz bandera asturiar, senegaldar edo ez dakit ba nik, txinatar batekin sartu zaitezke. Baina altzoan ikurriña badaramazu, aurrez aurre polizia munizipal, foral eta nazional andanarekin egingo duzu topo. San Fermin egunetako lehen zaurituak orduan izaten dira eta duela hamar urte bost gaztek kartzelan amaitu zuten, zer eta euskaldunon ikurretako bat plazan sartzen saiatzeagatik. Baina indarkeria, nonbait, plazan alderik alde ikurriña eskegitzea da, ez uniformedunak, borrak eta pilotakadak. Eta ikurra hala eskegitzea aurrekoaren ondorio da, ez besterik.
Esan bezala, ekimenaren ondotik gauza asko entzun dira eta azkenerako zizelkatu dute halamoduzko bertsio ofizial bat. Txupina atzeratu zen ikurrak herritarren ikusmena galarazten zuelako. Hori errepikatu digute, Maya alkateak unean bertan egin hitzak ahaztu ditugulakoan. Ongi adierazi zuen eta guk ongi entzun: arazoa ez zen ikusmena, “hori”(“eso” zioen berak) baizik. Argi dago, beraz, UPNrentzat arazoa ez dela tamaina. Txikia edo handiagoa izan, ikurriñarekin plazan ezin zitzaion jaiari hasiera eman. Politikaren gai erabiliegia beste batetarako utziko dugu… izan ere ez dago jaia politizatzeko aukera hoberik alderdietako ordezkariek txupina jaurtitzea baino.
Landa ikerketa egiteko aukera izan dut aurtengo San Ferminetan, aspaldiko partez. Ikertutako eremu soziologikoak pozaz zoratzen zeuden txupinaren eguneko ekimenarekin. Aitor dut ez zela lagin zabalegia baino tira. Eta ni ere poztu ninduen gertakizuna ere suertatu zen ikerketa lanean zehar. Gobernari zenbaitzuk ikurriñari dioten erra bezainbeste maite dute iruindarrek jantzi zuri ta zapi gorria jaietan. Lehorrak entzun behar izan nituen uniformea etxean uzteagatik. Baina hara non, autoktonoekin sesioan ari nintzela, ezustekoa. Itsaso zapi gorriaren artean, zapi beltza ikusi nuen. Donostia Abordatu dioen horixe, gure abuztuko jaietakoa alegia. Eta pentsatu nuen Iruñeara gisa horretan joateko auzokoak piraten jaiak edozein iruindarrek San Ferminak bezainbeste maite dituela. Ekintza txikia dela esango dute batzuek, irakurketa gutxikoa; handia eta mamitsua besteek. Neri Willis Drumond taldearen kantua etorri zitzaidan burura: “Handiak deiturik, handiak liluraturik, harengana goaz, jakin gabe gure menpe denik. Handia izanik, ez du xederik uzten ttipiari, handiagoa izateko baizik( )”. Esaten dute keinu-ekintza txiki askok osatzen dutela handia. Ez dakit. Jaia handia edo txikia den ere norberaren bizipenek esango dute. Baina gero eta argiago dut zein den jaiaren arrakasta, eta Iruñeatik irakaspen hori dakarkit. Handi edo txikiak, jaiaren baitan jai asko egotea da gakoa. Egitarau bakarra beharrean, hamaika egitarau egotea. Eta Aste Nagusiaren barruan Aste Nagusi asko sortzeak izan beharko luke erronka. Ez baitugu denok mundua berdin ulertzen, ez eta jaia ere.