Markel Ormazabal: 'Veneziaren grazia guztiak'
Irutxulueta esan zioten Donostiari XIX. mendearen amaitzean Ramon Artola eta Biktoriano Iraolak, eta soka horren tiraka egin dut tupust Joxe Mari Iparragirre (1820-1881) koblakariaren “ara non diran” abestiarekin, “nire etorrera lur maitera” izenburuarekin ere ezagun, eta honela dio estrofetako batek: “Irutxulueta maitagarria/ lore tokia zu zera,/ Veneziaren grazi guziak/ gaur Donostian balira”. Hotzikarak eman dit, ezen Veneziaren enkantua veneziarren espantu bilakatua da.
Veneziara egiten duenak jakin beza berrogei urteren atzerapenaz egingo duela Italiako kostaldeko herrira. Masa turismoaren ustiaketak arima-gabetua, ez da gehiago Veneziarik. Hila da Venezia. Veneziarrak bizi ziren eta hauek bizi zuten Rialto auzunea orain hogeita hamar urte, ogia salduko zioten elkarri, veneziar batek besteari, barazkiak edo arraina. Donostiak nola, bazituen bere tailerrak Veneziak, langile mundu propioak, asabek erakutsi moduan eskulangintzan jarduten zuten herritarrak, mozorroak nahiz lepokoak egiten, veneziarrak. Duela hamarkadak. Itxi zituzten lantegiak, maoizko galtzak esekitokietatik desagertu, turismoa asetzeko imitaziozko ekoizpenak zituen ordezkatu. Atzerritarrek beste atzerritar batzuei atzerrian ekoiztu mozorroak saltzen dizkiete Venezian egun, euro baten truke saldu ere.
445 zubi ditu Veneziak eta 118 uharte. Iragan mendearen erdialdean 174.000 biztanle zenbatzen zituen; gaur egunean zifrak ez du 57.000 ematen. Setiatua Venezia. 24.000.000 turista jasoko ditu urtero. Urumeako bokalean zazpi zubi Donostian eta 186.000 biztanle eskas. Parte Zaharreko Auzo Elkarteak eman datuen arabera 991.000 turista izan ziren gurean 2013an. Eusko Jaurlaritzako turismo zuzendariak 4.000.000 bisitari iragarri ditu 2020ean. Eta ez dugu Mozartek bizi izan zuen etxea baina Europako kultura hiriburu gara, omen, eta hiriko Sustapeneko zuzendariak 9.000.000 bisita iragarri zituen urte honetan.
Mila biztanle galtzen ditu Veneziak urtero, daturik ere ematen da: azken urteetan parte zaharreko zazpiehun etxebizitza pentsio egin dituzte. Gure parte zaharra, Bulebarra, Urumea, kaia eta itsasoak zedarritzen duen eremua, 6.000 biztanleren bizitoki da. 188 turismo apartamentu eta beste 53 pentsio zenbatu ditu auzo elkarteak bertan; bizitzeko erabilera izatetik komertziorako igaro diren 241 etxebizitza, alegia. Eta zenbaketa honetan ez dira eraikitzen edo eraikitzear diren hotelak aintzat hartzen.
Honezkero ez gara zenbakien izu. Ez da gure gauza. Donostiar askok pentsatuko du ez dela bere gauza, baina nahita ere ezin izango du hiriak aspaldi hartu zuen arruta honetatik bestera egin, turismoaren eraginaz eskapu. Donostiar askori berdin zaio, eta morrontza boluntarioa da, orduan. Zeren turismoa inbasioa da, eta morrontza dakar. 1876arekin asmatu zen Semana Grande ospakizuna, turisten egonaldia luzatzeko gailua, eta urte bete ez zen igaro donostiarrak bisitarien etorrerarekin premiazko gaien prezioak gora baino gorago egin zutela-eta, kexu agertu zirenerako. Turismoak ezin karuago egiten zuen egunerokoa, eta lehen bezala orain: high cost hiriak ez ditu gazteak atsegin, ez eta emakumeak, migratuak… hots, behean dituztenak.
Errima berekoak Donostia eta Venezia, errepika bera ez ote duten. Eta ohartu ote dugun, berandu gabiltza honezkero. Eskuko poltsaren gurpilak harlauzan saltoka egiten duen soinuak ordezkatu du inoiz langilearen ekinak sortu soinua. Hauxe dugu hiriaren ereserkia, Donostiako Martxa berria. Ustez aberastuko gintuen iturriko uraren hotsa, eta ohartzerako, hondamenaren abestia. Ondo merezia grazia!