Markel Ormazabal: 'Zubietako Elurrak'
Dozena bat lagun zirkuluan, ez gehiago. Iragan osteguna Itsasgain espazio okupatu eta autogestionatuan. Bilkuraren zioa, “Kartzela=Tortura” koordinadoraren aurkezpena. “Zer da kartzela?” galdetzen zioten bakoitzean, “kartzela ez da leku ona” erantzuten zuen lagunak. Laburrago ezin. Ez gaude preso bizi izateko prest. Kartzelak gogorarazten digu hori. Horretarako dira kartzelak. Ez dira leku onak, alegia. Eta gauzak horrela, esan beharrik ez dago, edozein edononongo kartzelaren aurkako koordinadora, eragile edo denadelakoaren egitekoa presoa laguntzea eta sorostea behar duela izan. Senide edo abokatuengatik jarraituak ez diren presoak sistematikoki jazartuak baitira, askotariko prebarikazio eta laidoak pairatuz. Ez dira gutxi hormaren beste alde horretan egoera hauetan aurkitzen diren pertsonak.
Kartzelari buruz aritzeko hamaika forma daude. Ikusi ditugu filmak eta antzerkiak; irakurri kronika, biografia eta bestelako testuak; aditu irrati saio, hitzaldi edo bakarrizketak. “Burdin-hariak eta plastikozko goilarak” izena jarri diogu, Oier Gonzalez preso ohi eta lagun durangarrarekin batera, antolatu dugun kartzelari buruzko gogoeta musikatuari. Asteburuan Araba eta Bizkaia partean ibili gara hausnarraldian. Elurra eta elurrak zeharkatzen. Eta galdera bat gogoan. Non eta nola ote dira elefante itsuen antzera zapaltzen gaituzten estatuetako zoko urrunenetara bidaian diren senideak. Asteburuan bertan, Gara egunkariak elur egun hauetan kartzelara bisita egin duten bi kazetariren erreportajea jaso du. Pontevedrako A Lama-ra egindako bidai-bisitaren kronika. 21 orduko bidaia, eta arriskuak ezin konta, 40 minututako bisitarako. Elkartasuna. Preso dutenarekiko lehen egitekoa.
Laguntza eta sorospena, ordea, ez dira nahikoak. Kartzelak (edo Kapitalismoak) dirauen artean, irteten diren bezala sartuko baitituzte preso berriak. Kartzela, Kapitala kontzeptua defendatzeko existitzen baita. Zer dakigu kartzelez? Zer kartzelen funtzionamenduaz? Pertsonengan sortzen duten eraginaz? Asteburu honetan kartzela elurraren antzekoa egin zait. Ikusi, ikusten dugu. Kasik egunero. Albistegietan, senideen begiradetan…Baina egiaz ezer gutxi dakigu instituzioaz eta bere egitekoaz, egiteko moduaz. Elurrak ez omen du, ikusgarri oso zaigun arren, soinurik ateratzen goitik beherakoan. Zubietako landetan hasiak dira kartzela berriaren lanak; kartzela handia, makroa. Presto dute eremua, dena laua eta soil. Baina elurraren antzera, soinu eta zaratarik gabe dabil berria gurean.