Marrazoak
Hawaiin eta, oro har, Itsaso Bareko kulturetan, hil den senide bat marrazo itxurarekin itzul daiteke. Marrazo hori sendiaren babesle bihurtzen da. Baina marrazoak beti marrazo. Horregatik, tentuz ibiltzea komeni da. Entzun, bestela, zer gertatu zitzaion ondoko istorioaren protagonistari.
Arrezifean bainatzen ari zen neska batek lehorrera itzultzeko unea iritsia zela erabaki zuen, baina uretatik atera nahi izan zuenean, orkatilan min zorrotz bat nabaritu zuen. Burua biratu, eta noizbait senide izandako marrazo handi batek hortzekin ongi helduta zuela ikusi zuen.
Aizu kargu hartu zion neskak, ez al nauzu ezagutzen? Zure senidea naiz. Beraz, babestu behar nauzu, ez jan.
Orduan, marrazoak neskarengan ondo erreparatu eta baietz ondorioztatu zuen, neska hura senide zuela, alegia. Berehala askatu eta desenkusatu egin zen:
Barkatu, baina ez naiz konturatu zu zinenik. Zahartzen ari naiz eta gero eta bista eskasagoa dut. Gainera, azken aldiz ikusi zintudanetik hainbeste hazi zarenez…
Barkatuta zaude, jakina, despiste bat edozeinek izan dezake eta erantzun zion neskak, ulerkor. Baina, begira, zure hozkadaren marka geratuko zait orkatilan.
Sentitzen dut, bene-benetan, baina ez du zertan txarrerako izan, hemendik aurrera nire hortz markak zure orkatilan ikusi eta errazago ezagutuko baitzaitut.
Geroztik, Itsaso Bareko uharteetan bizi diren pertsona askok orkatiletan eta gorputzaren beste zenbait partetan marrazo hortzak tatuatu ohi dituzte, hauek, marrazoek, pertsona horiek senide dituztela jakin dezaten eta eraso egin ez diezaieten.
Egunotan albiste izaten ari da penintsulako hainbat hondartzatan bainua aldi batez debekatu egin dutela marrazoak ikusi dituztelako. Gureetan marrazoak agertu, agertu izan dira, «hemen» bizi dira eta. Alabaina, adituek diotenez, oso litekeena da hemendik aurrera gero eta sarriago agertzea. Izan ere, berotze globalaren ondorioz, Ipar Atlantikoa azpitropikalizatzen ari omen da. Korronteak aldatzen ari dira eta, korronteekin batera, espezieen ibilbideak. Beraz, esan bezala, oso litekeena da gure hondartzetan ere marrazoak gero eta sarriago agertzea, eta ez derrigorrez gaur egun gure artean ezagunenak diren kolaio edo marrazo urdinak, susto handia eman bai, baina erasorik nekez egiten dutenak.
Gauzak horrela, beharbada guk ere hasi beharko dugu orkatilan marrazo hozkada bat tatuatzen edo, sikiera, kalkamonia bat jartzen. Izan ere, Itsaso Bareko uharte haien antipodetan bizi arren, euskaldunok ere bagara marrazoen senide. Lehengusu txiki-txikiak, behintzat, bai, ezta?