Marrutxipi: infernura jaitsiera
Zoragarria omen zen. 2021eko irailean albistearen berri eman ziguten. Ez zegoen hobeagorik. Lotune bat. Aurrekontuari begira, bakar batzuentzako lurra eta zeruaren arteko lotunea. Gehiengo batentzako eta bereziki bizilagunentzako, infernura jaitsiera. 12,5 milioi.
Donostiako Udalak hiriko zirkulazioaren zarataren mapa argitaratu berri du. Patuak sarbidea eraiki nahi duten eremua akustikoki hiriko hiru eremu kutsagarrienen artean izatea zehaztu du. «Inguruan eta Etzieta parkean ez da kalterik izango», zin eta zin Donostiako alkate jaunak eta Gipuzkoako gobernukideek.
Ustelak ustel. 665 zuhaitz handi orotara. Zenbatu ditugu astigarrak, altzifreak, haritzak, ezkiak, lizarrak, platanondoak, eukaliptoak, ereinotzak… Txioka eta jauzika, txinboak, erregetxoak, birigarroak, zozoak, txolarreak, txontak, karnabak, txirriskilak, txorruak, kaskabeltzak, amilotxak… Hegan amiral gorriaren gisako tximeleta, erle batzuk eta, gauean, saguzarrak.
Ekos eta Ekolur enpresek egindako ingurumen inpaktu azterketan ez da agertzen zenbat zuhaitz ebaki behar ziren. Bizilagunei ezkutatzeko datu garrantzitsua.
Txosten horretan egindako fauna ikuskapenean soilik zozoa, birigarroa eta txepetxa aurkitu izana, bitxia da. Enpresa horrek, 2040. urtera arte beroaldiak soilik %10 bat emendatzea aurreikusten du. Termometroak nola dauden ikusita, barregarria, ezta?
Erakundeek ez dute auzorako neurri zuzengarririk aurreikusten; esate baterako, zirkulazio gutxiago, landaredia duten teilatuak, zuhaizti gehiago kaleetan eta parkeetan, korridore berdeak, ur eremuak…
Intxaurrondokoei osasuna eta bioaniztasuna ematen zieten 665 zuhaitz erraldoi suntsitu dizkiete. Enborrak auzotik kilometro gutxira dagoen enpresa batera eramango dituzte. Enpresa hau bere isuri atmosferikoengatik ospetsua da. Gehienbat gauean, haizeak bere kaka usain sarkorra Donostian zehar barreiatzen baitu.
Donostiarrok ez al gaude 2020ko martxoaren 17tik klima larrialdiaren egoeran? Non daude Ekologia zinegotzia eta Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua? Ez daude.
Arazoa ez da soilik klima aldaketa, bioaniztasunaren galera eta kutsadura. Benetako arazoa ingurumen krisia da, eta amildegira garamatzan klase politikoa.