Martutenez, sarri
Astelehenetik aurrera zabalduko da udalak abian jarritako aurrekontu parte hartzaileetan botoa emateko aukera. Lehen begi kolpean, mantentzea eta mugikortasunaren alorrek jaso dituzte proposamen gehientsuenak. Euskarak eta turismoak, aldiz, bat bera ere ez. Deigarria, zinez. Auzoei dagokienez, onartutako proiektuen kopuruak nabarmen aldatzen dira batzuetatik besteetara. Altzan onartutako kasik hogei proiektuekin alderatuta, zero Parte Zaharrak eta apenas hiru izango ditu Martutenek.
Urumea bazterrean zabaltzen da Martutene. Donostiako auzorik txikienetako bat biztanleriari dagokionez. 2.700 biztanle inguru biltzen dituen auzoak jaiak ospatuko ditu asteburuan. Horiekin ixten da ofizialki Donostiako auzoetako jaien erronda. Bi hilabetez egongo da hiria jairik gabe, harik eta neguan murgildu eta santomasekin batera Gabonetako zirimolari hasiera eman arte. Auzo handia da neurriz Martutene, eta landa eremuarekin iraganean izandako lotura ageri da muino berde eta baserrietan. Udalaren webgunean ageri denez, gune semirurala. XX. mende hasieran, ibaiari begira, aisialdia ardatz zuten etxejabe handiek lorategi hirian kokatu zuten euren bizilekua. Fatxada aireztatu zuri-beltzdun eraikin berri edo zaharberrituekin gero eta Minecraft-eko pantaila traza handiagoa hartzen ari den hiriarekin alderatuta, bestelako jite bat du Martutenek. Iraganeko kapritxo arkitektonikoek salatzen dute garai bateko fortuna handien gustua oraindik ere zutik dauden etxe dotoreetan. Dena ez zen, ordea, hiri lorategia eta Martuteneko kaleek gordetzen dituzte langile jendearentzat eraikitako etxe sortak, uholdeak egon diren aldiro, urak hartu dituenak.
«Fatxada aireztatu zuri-beltzdun eraikin berriekin gero eta ‘Minecraft’-eko pantaila traza handiagoa hartzen ari den hiriarekin alderatuta, bestelako jite bat du Martutenek»
Jai arrakastatsuez gain, industriaguneak eta kartzelak egin dute ezagun auzoa, sarri. Aurten bete da Martuteneko kartzelako ihesaldiaren 40. urteurrena, bai eta zientoka eta milaka pertsona dantzan jarri dituen Sarri Sarri kantuarena ere. Haur kantu bat eta nobela entzutetsu batek hartzen dute auzoaren izena ahotan. Eta duela ez hain aspaldi arte, udalak bertan Antondegiko surf parkea eraikitzeko makroproiektua izan du esku artean, belardien artean. Hirian egin asmo izan diren proiektuen artean xelebreenetakoa, bere bilakaera itsasoari begira garatu duen hiri batean. Garai batean, autoak garbitzeko punta-puntako gune bat zegoen bertan. Taxien ibilbidearen muga ere hortik hurbil kokatzen da. Eta historia luzeko sagardotegiak daude bertan, mugakide den Astigarragakoei inbidiarik ez diotenak. Tren geralekua badu ere Martutenek, oinez igaro behar da, oraindik ere, trenbide gainetik bertatik irteteko edo norabidez aldatzeko. Eta, akaso, donostiar askok ezagutu egiten ez duten GR-287ko bigarren etapa bertatik pasatzen da. Gertuan duguna sarri ez dugu behar bezala apreziatzen.