Martxel Garaikoetxea eta Miguel Lazkano 2006ko irudi batean.
Aste honen hasieran Martxel Garaikoetxea zendu da. Ondorengo lerrootan nor zen azaltzen ahaleginduko naiz. Duela hamar urte inguru ezagutu nuen, artean Donostiako Irutxulo astekariko erredakzioko kide nintzela. Altza-Herrerako Areto Futbol Txapelketari buruzko albistea idatzi behar nuen eta harekin hitz egiteko esan zidaten, antolatzaileetako bat zelako. Herrerako semea zen Martxel. Oso oker ez banago, Arruebarrena etxeko semea, San Luis plazako bihotzean zegoen etxean jaio zen. Lehen hartu-emana izan genuenetik hamaika aldiz, beti alai eta adeitsu, erantzun zituen nire deiak. Kontatu zidan nola eta zergatik sortu zuten txapelketa: 80ko hamarkadan Altzan oso zabaldua zegoen drogazaletasunari aurre egiteko, gazteentzako aisialdi proposamen bezala eratu zuten txapelketa xumea. Eskolako jolastokian jokatzen zituzten partidak. Ez zuten asko behar.
Urteak aurrera joan ahala, txapelketa hazi zen eta duela bost bat urte goia jo zuen: ia 30 talde. Pentsa zenbat jende mugitzen zuen horren apal jaiotako ekimenak: hamar bat jokalari talde bakoitzeko, entrenatzaileak, epaileak… Ikaragarria! Duela sei bat urte elkartu nintzen Martxelekin, egutegia osatu behar zuten arratsaldean, udara pasata. Hori zen hori saltsa eta giroa Herrera elkartean ikusitakoa! Antolatzaileak, taldeetako ordezkariak… Ez zitzaizkion argazkiak gehiegi gustatzen Martxeli, baina egun hartan atera nion, ondoan Miguel Lazkano kidea zuela. Biak ziren txapelketaren gorputz eta arima.
Partida asko jokatzen ziren astebururo Herrerako frontoi zaharrean eta Altza, Mons eta Bidebieta kiroldegietan. Negu gorrian ere hara eta hona ibili behar zuten Garaikoetxeak, Lazkanok eta beste laguntzaileek astebururo. Trukean asko irabazi zuten. Dirua? Baita zera ere! Jendearen estimua, ordea, eskuratu zuten. Baita ondo irabazi ere, haien lanik gabe ez zatekeen txapelketa existituko.
Altzako kiroldegian jokatzen zituzten final handiak ekaina hasieran, festa giroan: harmailak lepo, Herri Ametsako dantza taldea, txaranga… Lan ona egin izanaren sentsazioa nabaritzen zitzaien Martxeli eta bere kideei garaikurrak ematen zituzten bitartean. Ez zen gutxiagorako. Tamalez, Martxeli eta Lazkanori
erregaia bukatu zitzaien duela urte batzuk, txapelketa egiteari utzi zioten eta oso oker ez banago inork ezin izan zuen haiek utzitako lekukoa hartu.
Lerroon bitartez, bi proposamen xume luzatu nahi nituzke. Bata Kirol Patronatuari : Altza kiroldegiko areto futbol pistaren haren izena jartzea, edo sikiera hari eskainitako oroigarria ipintzea. Eta altzatarrei eta herreratarrei, haren omenez txapelketa azkar horietako bat –egun bakarrekoa edo bikoa- sortzea edo partida berezi bat antolatzea jaietan, Martxelek hori eta gehiago merezi baitu. Bere ingurukoak ezagututa, ziur naiz ez direla besoak gurutzatuta geratuko.
Raul Perez Martinez