Martxoak 8ko Emakumeak©
Badago arrisku errepikatu bat aktibismoan denbora luzez sartuta gaudenontzako. Nahiz eta zapalkuntzaren inguruan hainbeste hausnartzen dugun, geure buruak zapaltzaile gisa onartzeko ezintasuna nabaritzen da. Jasan ditugun biolentzien garrantzia beti eragindakoak baino handiagoak dirudite, sakonagoak. Min politikoaren partzela eraikitzeak zapalkuntzaren kontra jotzeko derrigorrezko tresna dirudi, guztiz babeslea. Babes horren truke baztertze batzuk onartzen ditugu, itxuraz halabeharrezkoak. Burgesamendu mailaren arabera, hutsune politiko hauek, baztertze hauek, mahai gainean jartzen dira, konponketa bila. Beste kasuetan, tamalez, kanporatuta geratzen direnak geroz eta bortitzagoak bihurtzen hasten dira barneko begientzako. Talde TERFen arabera, arriskutsuena ez dira patriarkatuen lanaren ondorioak, baizik eta transfeminitateen existentzia. Fenomeno ezaguna da, talde politikoen ustezko erradikaltasuna faxismoari begira egituratzen denean. Identitate politikoei gogor atxikita, etsaiei forma monstruosoa ematea nahitaezko bihurtzen da. Badirudi mugimendu feminista honen (bai, feminista, geure mamuen ardura hartu behar dugu) helburua ez dela familiaren abolizioa, emakumeen eta disidentziakoen babes sareak eraikitzea edo psikiatriak zor dizkigun erreparazioak martxan jartzea. Emakumearen definizio erreakzionario eta patriarkala mantentzearen mandatuarekin lanpetuta daude. Bitartean, emakumeak ez garenok gure ideologiak geure gorputzak mutilatzera bultzatzen gaituela buruan sartzen saiatzeko denbora dute ere bai, nola ez. Harrigarria da zelako denbora erabilgarri edukitzen duten faxistak bizirauteko, kezkarik gabe. Hainbeste denbora martxoak 8ko mani-ra jotzeko, sexu langileen aldarriak boikotatzen saiatzeko. Begien bistakoa da Donostia bezain leku txikian badagoela bi manifestazio ezberdinen beharra, faxismoa ez delako desadostasun baten ondorioa.