Martxoaren 17an, greba orokorra
Hainbat sindikatu eta eragile sozialek, tartean LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek, greba orokorrera deitu dugu martxoaren 17rako, 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabaki nahi dugula, eta soldatak hobetzeaz gain, aberastasuna banatu behar dugula aldarrikatzeko.
Hego Euskal Herrian, bost langiletik batek, hau da, 240.000 langilek inguruk, 1.500 eurotik beherako soldata du. Eta datu honek bereziki zaurgarriak diren kolektiboak azalarazten dizkigu, arrakala matxista, arrazista eta baztertzailearen adierazgarri.
Soldata arrakala ez da ez desagertzen, ez eta txikitzen ere. Lanaren banaketa sexuala bere horretan mantentzen da, 1.500 eurotik beherako soldata duten hirutatik bi emakumeak* baitira. Eta horiei, ordaindu gabeko zaintza lanetan aritzen diren emakume guztiak gehitu behar zaizkie, kontraturik ez dutenak. Eta horiei ere, lanaldi partzialaren eraginez lan baldintza prekarioak dituzten langile emakumeak gehitu behar zaizkie. Batez ere, helduen egoitzetan eta etxez etxeko laguntzan dabiltzan langileak, pribatizatutako eta negozio bilakatutako zaintza esparruan dihardutenak.
«Lan zentroak hustu eta kaleak betetzeko eguna. Gure aldarriak ozen oihukatzekoa. Patronalak eta gobernuek altxatutako harresia pitzatu eta eraisten hastekoa»
Hainbat saiakera egin dira, bai patronalarekin, baita gobernuekin ere, langile klase osoarentzat, bizitza duin baterako bidean, pausuak modu negoziatuan erdiesteko. Baina Confebaskek, EAJk eta PSE-PSNk eskutik helduta jardun dute, ate guztiak itxiz, harropuzkeriaz jokatuz eta erabaki antidemokratikoak hartuz. Itxikeria honen aurrean, beraz, ez dugu beste aterabiderik.
Martxoaren 17an, beraz, zita garrantzitsua dugu. Greba orokorra. Lan zentroak hustu eta kaleak betetzeko eguna. Gure aldarriak ozen oihukatzekoa. Patronalak eta gobernuek altxatutako harresia pitzatu eta eraisten hastekoa. Denon artean, lortuko dugu!
Martxoaren 17an, langile guztiok kalera!
