Matrikulazio kanpaina eta erlijioa eskola (publikoan)
Otsailaren 2an hasi zen LH eta DBHko matrikulazio kanpaina eta gurasoak aukeraketak egin beharko dituzte. Hasteko, esleitu behar dute zer nolako eskoletan izena eman, publikoa ala pribatua? Gure hautua, zalantzarik gabe, publikoaren aldekoa da, baina horrek bigarren zalantza sortzen du: erlijioa bai ala ez?
Hori dela eta, guk ere zenbait puntu azaldu nahi genituzke, aukera egiterakoan lagungarriak izan daitezen:
Erlijioan izena emateak klaseko «xelebrea» bihurtu dezake zuen umea. Matrikulazio datuek argi eta garbi adierazten dute, aurreko urteko datuek hauek dira: LHn %83,5 dira ez dutenak erlijioa aukeratzen, DBHn %86,9 eta Batxilergoan %95,5.
Erlijioa da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen etapan aukerazko gai bakarra, beraz, hautatzen duten gurasoak kontuan hartu dezala, gutxi gorabehera, ikasturteko 40 ordu bere taldetik kanpo igaroko dituela umeak. Ez dugu esango horrek kohesio arazoak sortzen dituela, baina lagundu, ez du laguntzen.
Gela bakoitzeko ikasle bat edo bi (edo bat ere ez) besterik izaten ez direnez, ikastetxeen joera da mailako guztiak batera jartzea eta horrek maila osoko ordutegi osoa baldintzatzen du.
«Etika irakastea ez da irakasle baten lana, irakasle guztiena, gurasoena eta gizarte osoarena da, eta oinarria giza eskubideak izan behar dira»
Esaten digute beharrezkoa dela, ikasleek «bizi etika» ikasteko, baina erlijioko orduetan ez dute etika ikasten, baizik eta morala. Gainera, moral hori, batzuetan/askotan, etikaren aurkakoa da; adibidez, umeei irakasten zaienean emakumeek ez dutela gizonek adina balio edo homosexualitatea lotsatzeko gauza dela. Eta hori, katolikoen kasuan, pentsatuz erlijioaren oinarrizko ideologia irakasten zaiela eta ez zenbait gotzainek diotena. Adibidez, etorkinei bere egoera legal bihurtzeko aukera eman zaien honetan, hor ditugu bi gotzain, esanez: «Ez dago guztientzako tokirik». Etika irakastea ez da irakasle baten lana, irakasle guztiena, gurasoena eta gizarte osoarena da, eta oinarria giza eskubideak izan behar dira.
Adin hauetan, oraindik, umeak ez dira nahiko helduak honelako esleipen sakona egiteko. Jarraitu anabaptisten eredua eta utzi beraiei aukeratzen nahikoa hazten eta hezten direnean.
Urtean 700 milioi euro baino gehiago gastatzen ditugu batzuen pribilegio hau mantentzen. Bai, pribilegio bat da. Eskubide bat balitz, guraso guztiek (ateoek barne) izango lukete aukera bere sinesmenak (edo ezak) bere umeei ezartzeko denon diruaren kontura, zeren 700 milioi horiek denok ordaindu ditugun zergetatik ateratzen dira. Baina ez da horrelakorik gertatzen; horrek demokrazian oinarrizkoa den berdintasuna zapuzten du.
Honengatik guztiagatik, gure aholkua zera da: ez matrikulatu zure umeak erlijioan.
