Memoria eta aitortzaren autobusa
Jakingo duzuen bezala, Mikel Zabalza oroitzea eta torturatu guztientzat justizia aldarrikatzea xede duen busa biran dabil azaroaren 26tik abenduaren 14ra bitartean. Mikel Zabalza Herri Ekimena, Euskal Herriko Torturatuen Sarea eta abarrekin batera, Dbuseko alor anitzetako langileek hartu duten inplikazio maila izugarria izaten ari da. Urteetan zehar Donostiako auzo nahiz bazterrak zeharkatu dituen 717 busa zena atondu, Nafarroan barna eraman eta gidatzearen lekukoa beste kide bati eman ostean, alai eta emozioz hartzen dugu etxerako bidea. Boluntario mordoa izan da ekimenaren inguruan autobusa gidatu eta hango zein hemengo pertsonengan eragiteko prest.
«Pentsa zer izan den Mikelen senide eta gertukoentzat Donostiako zatitxo gurpildun hori Orbaitzetara iristen ikusi dutenean; nolabait, Mikelen zati bat etxera itzuli zaie»
Izan ere, pentsa zer izan den Mikelen senide eta gertukoentzat Donostiako zatitxo gurpildun hori Orbaitzetako Olara iristen ikusi dutenean; nolabait, Mikelen zati bat etxera itzuli zaie ekimen honi esker. Ez da gutxi! Gipuzkoako hiriburutik Aezkoarako konexio zuzena, ondoren handik Iruñea eta Bidasoako ertza igaroz Bulebarrera itzultzeko, duela 40 urteko irudi ikoniko haren berregite bat osatzen amaitzeko: egun nahasi haietan gidariaz galdetzen zuen pankarta zeraman busa, atzean lankideak eta hiritarrak zihoazelarik.
Alabaina, busak eta bere baitan dakarren erakusketak ezingo lirateke betiko gelditu aipatu dugun bira hori egin ostean. Akatsa litzateke. Memoriak eta torturaren aurkako salaketak ibilbide luzeagoa eskatzen dute, ezin baitira une zehatz baterako gai iragankor izan. Beraz, lan egiten jarraitu beharko dugu, erakusketa horrek heziketa zentro, kultura gune eta enparauak bisitatzen jarrai dezan eta belaunaldi berriek gertatutakoaren berri ukan dezaten. Izan dadila abenduaren 14ko Donostiako ekitaldi nagusia etorkizuneko transmisio ardura eta zeregin horren lehen urratsa.


