Mendebaldeko Saharako gatazkaren egoera Sanchezen aldebakartasunaren aurrean
Gatazkak 180 graduko bira eman du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak saharar herriari egindako traizioaren ondorioz. Ustekabekoa ala denbora kontua zen?
1975etik gaur arte, sahararrek desilusioak baino ez dituzte jaso nazioartearen aldetik, eta, batez ere, Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea izaten jarraitzen duen Espainiako Estatuaren aldetik. Baina, duela aste batzuk, bete gabeko promesen gorabehera horrek bat-bateko aldaketa eragin du, Sanchezek sahararrei eta nazioarteko legezkotasunari eman dien danbatekoarengatik, sahararren eskubidea urratuz eta NBE-ren ebazpenetan datorrenari jaramonik ez eginez. Sanchezek, kezko hesien arteko komunikatuaren bidez, adierazi du gatazkaren konponbiderik errealistena Mendebaldeko Sahara Marokoko autonomia bat izatea dela, Mohamed VI.a erregearen tiraniaren aurrean amore emanez, eta herri oso bati entzungor eginez.
Erabaki horrek ez gaitu harritu, Espainian gobernatu duten alderdi guztiek eredu berari jarraitzen baitiote: saharar herriari promesak egin hauteskunde kanpainan, eta Marokoko erregimenaren aurrean amore eman boterea lortzean.
Erabaki horren bidez, herri sahararren eskubideak urratzen eta haien errekurtsoak ustiatzen jarraitzen dute, saharar herria errefuxiatuen kanpalekuetan laguntza humanitariotik bizitzera derrigortuz. Hori dela eta, saharar herriarekin elkarlanean gabiltzan elkarte eta kolektiboek autodeterminazio erreferenduma egitea exijitzen duten NBE-ko ebazpenak errespetatzea eskatzen dugu.
Guri dagokigunez, bi gazte saharar gara [Fatimetu eta Kebu]. Txikitan Euskal Herrira etortzeko aukera izan genuen gure gurasoekin, eta gaur egun Sahararen inguruan gertatzen ari den guztia hemendik bizi ditugu. Horien aurrean, Donostiako Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) Donostiako Lagunen Elkartetik planteatzen diren jardueretan parte hartzen dugu.
Elkartea 1994tik dabil lanean, eta helburua oso argia izan zen hasieratik: saharar herriaren kausari elkartasuna adieraztea eta, ahal dugun neurrian, bere ibilbidean laguntzea. Alde batetik, Fronte Polisarioak eskatutako eta Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan ezinbesteko beharrizana duten proiektuak sustatuz, eta, bestetik, gure ingurunean sentsibilizazio kanpainak garatuz.
Donostian programatutako jardueren artean, honako hauek nabarmendu ditzakegu: hitzaldiak, erakusketak, mobilizazioak, Saharako Herriaren Batasun Nazionalaren egunaren urteko ospakizuna (urriaren 12an), Oporrak Bakean programan parte-hartzea, eta, urtero, elikagaien karabanaren inguruan, janari bilketaren kanpainaren antolaketa. Saharar diasporako kideekin ere harreman estua dugu.
Aipatu behar da udalaren diru laguntzak eta bazkideen eta partikularren ekarpenek posible egiten dutela aipatutako guztia aurrera eramatea.