Mendia (eta VII)
Nire mendi ikuskeraren gainean esateko nuen guztia esanda dago aurreko artikuluetan gutxienez pare bat aldiz adierazi dudanez. Oraingo honetan, beraz, ez dut iritzirik edota gogoetarik plazaratuko, nahiz eta, beste behin ere, mendia hizpide hartu. Zertaz ariko naiz, orduan? Honatx erantzuna: mendiaren literaturaz eta filosofiaz.
Liburukote mardul bat osa liteke mendian idatzita dagoen guztiarekin. Testuak askotarikoak dira, eta, edukiaren edo kokapenaren arabera, hiru multzotan sailka genitzake.
Lehenik, hildako mendizaleen oroimenez edota omenez idatzitakoak ditugu. Hildakoaren bazter kutunen batean, edo hil zen leku berean, harri bati itsatsita, testudun plaka bat ikustea ohikoa da. Ez dira oso irudimentsuak izaten; zendutakoaren datu pertsonalez gain, beste ezer gutxi adierazten dute. Badira, baina, salbuespenak, batez ere azkenaldian jarritakoen artean. Hona hemen bi adibide:
Bianditz:
Hemen nenbilela
zu bezala
Jainkoak deitu ninduen
betikotasun gailurrera.
Urdelar:
Hain aldi laburrerako horren eder
egin bahaute larruz,
zer nolako ez duk izango ederrago
betirako egin hautena barruz.
Bigarrenik, mendi tontorretako gurutzeei jositakoak daude. Asko erlijio kutsukoak dira, baina bada bestelakorik ere:
Uzturre:
Mendi gainean
beso zabalik
zaude gurutze laztana,
otoitz eginez
muin eman zale
apalki nator zugana.
Izazpi:
Geure sailean jarri ziguten
gogoz kontra mugarria
hantxe piztu zen etengabeko
borroka izugarria.
Euskara dugu lokarri eta
nortasun ezaugarria
burujabetzaz ase nahi dugu
askatasun egarria
herri libreen ate handitik
sar dadin Euskal Herria.
Hirugarren multzoan bildu ditut gainerako guztiak. Denetan berrienak dira, eta gaia edozein izan daiteke. Aurrekoak baino arinagoak, koloretsuagoak eta alaiagoak izaten dira. Honatx lagin bat:
Guratz:
Elurra mendian,
haize hotza herrian.
Igorin:
Guk ezin izan dugu.
Ea zuek lortzen duzuen.
Multzo berean sartu dut beste hau ere. Ez dakit inon ikusi ote dudan, edo nire amets edo eldarnio baten emaitza den. Hemen doakizue, eta zuek erabaki zein genero literariori dagokion:
Udazkeneko eguna, mendirako ona zinez.
Goizean euria egin du, eta gero, berriz, ez.
Landare busti artean ibili eta ibili oinez.
Hasieran gustura, atseginez;
bukaeran oineko minez.
Edertasunak eta atseginak ordaina
behar ote dute nahitaez?