Mendia (I)
Aspaldi, etxetik urrun ikasle nenbilela, nahigabe bat gertatu zitzaidan. Geografiaz ari ginela, eztabaida piztu, ahoa eta beste zerbait ere berotu, eta, irabazteko erabat ziur nengoenez, neukan diru guztia jokatu, eta… galdu! A zer hondamendia! Lur jota geratzeaz gain, hilabete oso bat iragan behar izan nuen sosik gabe. Lagun kataluniarrek emandako maileguari esker aurrera egin nuen, baina horrek lau bat hilabeteko gastu murrizketak eragin zizkidan. Zinez tamalgarria!
Aipatu gertaerak bi gauza erakutsi zizkidan: kataluniarrak ez direla jendeak dioen bezain xuhurrak, ez baitzidaten interesik eskatu, eta ezin dela ezertaz erabat ziur egon. Geroztik, zerbait galdetzen didatenean, hor ibiltzen naiz «nire ustez», «oker ez banago», «irudipena dut» eta gisakoak esaten. Salbuespen bakar batekin, araua berresten duena hain zuzen: ni mendizalea naiz; horretan ez dut zalantza izpirik ere.
Ez naiz, ordea, esaldi arranditsuak esaten hasiko: «Nire bizitzan mendia dena da», edo «ezingo nuke mendirik gabe bizi», askok musikaz dioten bezala. Ez, ez da hori. Mendiak nire aisialdiko denbora- tarte handi bat bete du, baita egun ere; baina, hala egokitu zaidanean (herritik kanpoko ikastaldiak, soldaduska… ), denbora luzez lasai asko bizi izan naiz mendirik usaindu gabe. Hori bai, mendirako aukera izanda ezin errenditu hara joan gabe.
Zaila zait esaten nire mendizaletasuna zertan datzan, edo, bestela esanda, zer aurkitzen dudan mendian, edo berak zer ematen didan. Garaian garaikoa esango nuke, ez baita beti gauza bera izan. Hasieran, herriko lagunekin, ezer izatekotan, kirola eta lehia zen. Baita ikurrinak ikusteko eta euskal kantak ikasteko lekua ere.
Halako batean, baina, dena aldatu zen: bizimodua, bizilekua, mundu-ikuskera… eta, jakina, mendian ibiltzeko era. Bakarrik ibiltzen hasi nintzen, eta horrek nire jokamoldea zeharo baldintzatu zuen. Lehia eta marka-ontze zoro haiek bazter utzita, lasaiago ibiltzearen eta ekologismora hurbildu izanaren ondorioz, lehen oharkabean pasatzen zitzaizkidan gauzei erreparatzen ikasi nuen. Naturaren izakiak hizketan hasi zitzaizkidan, eta, dena ez ulertu arren, arretaz entzuten nien.
Harrez geroztik, esan ohi dut mendia niretzat gauza askoren batuketa dela: natura, lasaitasuna, kirola, osasuna, edertasuna, ihesa, gogoeta-gunea, erronka, abentura… Horiekin guztiekin gustura sentitzen naizenez, bada maiz joaten naiz. Ez dago beste misteriorik.
Hala ere, ez dut lerro hauekin inor mendira joaten hastera bultzatu nahi, litekeena baita mendiratu, eta nik aipatutakorik ez sentitzea eta ez sumatzea. Are okerrago, mendiak bere aurpegi iluna erakusten badio, hori ere bai baitu: eguraldi makurra, istripuak, bide-galtzeak eta abar. Hala eta guztiz ere, alderdi txarrek ez dute, ezta urrutitik ere, onen maila hartzen. Gainera, horiek saihestea neurri handi batean norberaren esku dago.
Saiatuta ere ezingo nuke nire mendizaletasunaren muina hobeto azaldu. Gainera, horretan tematzea alferrikako lana omen da, mendiak berak behinola erakutsi zidanez. Mendi tontor batean, harri bati josita, plaka bat dago testu batekin. Alde aldera honela dio: «Mendizale, honaino iritsita jaso ezazu zure saria, baina ez zaitez mendizale ez den bati hori zer den azaltzen saiatu, ez baitizu ulertuko».
Uste osoa nuen aipatu mendia Mendaur zela, baina, delako testuaren bila berriki propio bertara joanda, ez nuen plakaren arrastorik topatu. Beste behin usteak erdiak ustel. Ikusten? Ezin da ezertaz ziur egon.