Mendia (II)
Aurreko artikuluan argi utzi nuen, ustez, mendizaletzat dudala nire burua. Nolakoa, baina? Handia, xumea, txukuna, zabarra…? Besteak nola dabiltzan ikusita, nik sailetik kanpokoa naizela esango nuke. Norbera, ordea, ez omen da egokiena bere buruaz aritzeko. Psikologoek, orobat, aspaldi gaztigatu ziguten zaila dela nork bere burua ezagutzea. Hortaz, besteen esku utziko dut nolakoa naizen ebaztea.
Horiek horrela, nire burua definitu ordez, neure mendi-jardunaren ezaugarri batzuk aletuko ditut, epaitu behar nautenek zeri heldu eduki dezaten.
Mendizale baten tamaina, munta, nola neurtu? Ez nau horrek behin ere kezkatu, baina pentsatzen jarrita, neurgailu gisa, bi parametro hartuko nituzke aintzat: maiztasuna eta egindako bidea. Nire kasuan lehenengoa zehatza da: 50 bat aldiz urtean; baina ez, ordea, bigarrena. Urtean igotako desnibel positibo metatua, gutxi gorabehera, 28.000 metrokoa izango da, eta egindako bidea, berriz, 800 bat kilometrokoa, hau ere alde-aldera kalkulatuta. Horraino zenbakiak. Onak? Txarrak? Ez dakit. Besteenekin alderatu behar.
Hamaika aldiz entzuna nago mendira ez dela bakarrik joan behar; arriskutsua dela. Izango da aspergarria ere badela esango duenik. Ni bietara ibilia naiz, lagunekin eta bakarrik alegia, eta aitortu beharrean nago, aukeran, bakarrik ibiltzea nahiago dudala. Dena nire esku. Gorputz-aldartearen arabera orain bizkor, orain astiro, orain beste inori axola ez zaion zerbaiti begira geratu, jan, edan edo atseden hartu gorputzak eskatzen duenean… Hitz batez esanda, aske, basaizea bezala.
Beti pentsatu izan dut haizearen askatasunarena funtsik gabeko topikoa dela. Haizea bere kasa, libre dabilela esaten dugu, baina gure kontroletik kanpo dabilela esan beharko genuke. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, naturaren legeei iskin egiten dienik. Atmosferan sortzen diren presio-aldeen arabera mugituko da, ezinbestean.
Haizea nola, mendizalea hala. Ez da inoiz erabat aske ibiliko: ezin da edonora joan, ordutegi jakin baten menpekoa da… Hala ere, haizearena metafora polita da ibiltari bakartiaren askatasun maila besteena baino handiagoa dela adierazteko.
Lagunekin ere ondo, ez pentsa. Solasaldiak atseginak eta aberasgarriak izan daitezke, eta horrek badu bere balioa. Baita bere ifrentzua ere. Izan ere, gaiaren arabera, berriketaldiek menditik atera zaitzakete, burua beste norabait eramanda. Eta burua bertan ez baduzu, zu ez zaude han. Mendian izan bai, baina mendikoaz ohartu gabe, naturaz gozatu gabe. Beraz…
Ideia hori nik baino lehenago, eta hobeto, azaldu zuen XIX. mendeko Henry David Thoreau idazle estatubatuarrak bere Ibili liburuan. Bertan, besteak beste, dio gu guztiok sarri ibili beharko genukeela oinez eta bakarrik basoan, baina, hori bai, bost zentzumenak hantxe ditugula. Mesedegarria litzatekeela gorputz zein arimaren osasunerako.
Ni bat nator ideia horrekin, baina hausnarketa bat gehituko nioke teoria horri. Esatea erraza da, baina ez, ordea, egitea. Ezinezkotik oso gertukotzat jotzen dut nik lauzpabost ordu mendian ibili, eta denbora horretan guztian burua beste inon ez edukitzea. Burua trepeta berezia baita. Edonon dagoela ere, bere jabearen baimenik gabe, hor ibiliko da etengabe sortzen eta jasotzen, auskalo nork bidaliak, askotariko gogoetak, ideiak, irudiak… Eta gero jabeak lanak izaten ditu uneari ez dagozkionak uxatzen. Hala ere, ulertzen da helburua, hots, mendiarekikoetatik arreta ez desbideratzea, errazago lor daitekeela bakarrik ibilita, beste inoren interferentziarik gabe. Bada, horretara iritsi nahi nuen.