Mendia (III)
Hirugarren atal hau makilari eskainiko diot, merezia du eta.
Makila mendizalearen lagunik onena da. Bai, makila, baina bakarra, luzea eta egurrezkoa. Zientziak besterik dio, ordea: hobe dela bi bastoirekin ibiltzea, norbereren garaierara egokituta. Horrela, hobeto banatzen dela ibiliaren nekea gorputz atal ezberdinetan, zangoen eta, bereziki, belaunen mesedetan. Ondorioak erakargarriak dira oso: kirol emaitzak hobetzea eta mendizale aldia luzatzea. Eta, azken hori ez da ez hutsalkeria, hutsalkeria ez denez! Bada, hori hala izanda ere, horretan ere ni intsumiso.
Azter ditzagun gorago aipatutako makilaren hiru ezaugarriak.Makila bakarra, gehienbat esku bat libre eramateagatik. Nik hori biziki baloratzen dut, gauza askotarako ondo etortzen delako.
Esaterako, euritakoa eramateko, kopeta lehortzeko, behar ez denean kapela eskuan edukitzeko, begiak eguzkitik babesteko, leku zailetan zerbaiti heldu ahal izateko, zomorroak (bereziki, ezparak eta mandeuliak) azkar uxatzeko… Bestalde, makila bakarrarekin solteago, erosoago, naturalago ibiltzen da.
Makilak luzea behar du, lepauztairainokoa edo. Hartara, goiko muturretik helduta eta aurrealdean ibilita, aldapan behera asko laguntzen die belaunei gorputzari eusten; eta erorikoak saihesten.
Eta, egurrezkoa, nagusiki ukitzeko leunagoa delako. Egurra, naturala izaki, askoz ere goxoagoa da eskuetarako metala edo plastikoa baino. Orobat, makilari, bastoiei ez bezala, edozein lekutatik hel dakioke, eta horrek bidearen gorabeherei azkar egokitzea ahalbidetzen du. Bastoiekin, aldiz, ondo ibiltzekotan, maiz ibili beharko litzateke luzera doitzen. Ez dira, beraz, hain eraginkorrak. Ordekan edo leku lauan bai, egokiak izango dira, baina ez hainbeste bide bihurrietan edo biderik gabeko bazter gorabeheratsuetan.
Beste arlo batera igarota, bidera ateratzen diren laharrak eta sasiak jotzeko edo gainerako landareak apartatzeko (kasu akainei!), eta, ilerik ukitu gabe, behi aziendari errespetua emateko garaian, egurrezko makila bezalakorik ez dago.
Horiek guztiak gutxi ez, eta azkenerako utzi dut makilaren aldeko argudiorik sendoena: artzainek, salbuespenik gabe, makila bana darabilte. Eta inork uste badu aipatu abeltzainak iragan urrunean ainguratuta gelditu direla, erabat oker dago. Beren lanbideari dagozkion gainerako alor guztietan teknikak, sistemak eta teknologia berriak onartu dituzte, baina mendian oinez ibiltzeko orduan, hurritz makila luzea erabiliko dute. Zerbaitegatik izango da. Eta, hor mendetako eskarmentua dago.
Makilak, nonbait, hurritza behar du. Nik lau ditut, bi neronek eginak eta besteak opari jasoak, eta hiru, behintzat, hurritz landaretik hartuak dira. Gauza ederra da nork bere makila egitea. Nireak Gorritikoak eta Alkizakoak dira, azaroko ilgoran moztuak. Horrela, egurraren berezko sendotasunari malgutasun puntu bat eransten zaio, eta era horretan hornitutako makila nekez hautsiko da.
Ilargiarenak zehaztapen bat eskatzen du. Bi teoria daude: betikoa, eta azkenaldian landarezale ezagun batek zabaldu duena. Azken honek garrantzia ematen dio ilargiaren kokapenari, eta ez ikusten dugun zatiaren tamainari. Gainera, esango nuke euskarazko ilgora hitza lotuago dagoela gaztelaniazko ascendente-rekin creciente-rekin baino. Arrazoi horiengatik ni teoria berriaren aldekoa naiz.
Bada, horren arabera moztutako bi makilak onak atera zaizkit. Bestela jokatuta hobeak aterako zitzaizkidala? Beharbada. Nolanahi ere, nik ez dut auzi hori ebatsiko. Urte mordoska eta lau makila eder edukita, ez naiz berriro makilagintzan hasiko.