Mendia (IV)
Gure nerabezaro-gaztaroan laguntaldeko inork ez zeukan ibilgailu motordunik. Hori dela eta, mendira joateko orduan bi aukera baino ez genituen: etxetik oinez abiatu inguruko mendi batera, edo garraio publikoaz baliatu. Trenez eta autobusez erraz mugitzen ginen, eta, esate baterako, Aralarrera eta Aizkorrira iristen ginen, orduko mendi-gosea aise asez.
Aurreneko autoarekin gauzak erruz aldatu ziren, Euskal Herri osoa eskura baikenuen. Gogotsu hasi ginen hara eta hona, bazter eta mendi berriak ezagutzen. Lasai, axolagabe, harik eta ekologia, kutsadura, ingurumena eta horien tankerako hitzekin topo egin genuen arte. Barruko zimikoak kezka eragin zigun buruan: etikoa al zen urrutiko mendi bat ezagutzeko apeta hutsagatik kilometro pilo bat egitea, hainbat gas kaltegarri kopuru handitan isuriz?
Erlijio berriaren arabera, garbi zegoen ezetz. Ezin, ordea, mendiari erabat muzin egin, eta erdibideko irtenbidea aurkitu genuen: autoan egin beharreko denbora ordu batera murriztu. Hartara, 90 kilometrotik harago ez ginen joango. Gauzak garbiago uztearren, mapa batean, Donostian erdigunea jarrita, 90 kilometroko radioko borobil bat marraztu genuen. Huraxe izango zen aurrerantzean gure ibil-eremua. Otsoen antzera, hesirik gabe baina zorrotz, mugarritu genuen gure lurraldea. Eta kotxez marra hori gainditu gabe ibili izan gara joan deneko aspaldi handian. Eta baita egun ere.
Beste aukera bat zen herriko mendi talde ‘ofizialean’ sartu, eta beste hainbatekin batera, autobusez mugitzea, auto partikularrak herrian utzita. Ez genuen, baina, gure askatasuna saltzeko. Hortaz, ideia hori berehala eta ahobatez baztertu genuen.
Hartutako erabakiak bere ondorioak izan ditu. Adibidez, hamaika aldiz mendiratu arren, ez dugu sekula 2.000 metroko mendirik igo. Eta ez hori bakarrik; jokamolde horrekin uko egin behar izan diogu eskualde eta mendi eder asko ezagutzeari. Zer egingo diogu ba? Dena ezin da. Lehentasun kontua da.
Arestian aipaturiko mapako zirkuluaren barruan, laurdena Itsaso izan arren, mendi aukera bikaina dago. Batez ere osperik gabeko baina bisita bat merezi duten bigarren mailako tontor eta gainak aintzat hartuta. Han iraupen ezberdineko ezin konta ahalako ibilaldiak antola daitezke, eder askoak haiek ere. Beraz, ‘sakrifizioa’ ez da hainbesterainokoa izan.
Hau irakurrita batek baino gehiagok eskuak burura eramango ditu, eta harrituta esango: «Eta zuek mendizaletzat al duzue zuen burua». Galdera logikoa, mendizale askoren bilakaera kontuan hartuta: jaioterria, eskualdea, Euskal Herria, Pirinioak (edo Asturias, Atlas…). Bada kateari katebegi gehiago gehitu dionik: Alpeak, Andeak… eta Himalaia. Besterik ez bada, urrun haietan treking-ak egiteko. Bada, goragoko galderari «bai» erantzuten diogu, mendizaletzat baitugu geure burua.
Nik, behintzat, horrela ibili izanaz batere damurik ez dut. Aitzitik, harro nago, uste osoa baitut bidea hori dela. Azken batean, nire pentsaeraren ezinbesteko ondorioa besterik ez da izan. Ekologismo praktikoa. Kutsatzaile handiei eskatzea ondo dago, baina norberak zerbait egitea ere bai. Ez al zaigu eskatzen ohiturak aldatzea? Edota kilometro zero egitasmoei, ahal dugun neurrian, atxikitzea? Bada, bi eskaera horiekin lotuta dakusat nik gure borondatezko hego-mozketa.
Bidea garbi ikusten duena nekez geratuko da urrats bakar bat eginda. Zerbaitek bultzatzen du pauso gehiago ematera. Eta ni ere, oraingo honetan adinak ere lagunduta, horixe egitera noa: nire ibil-esparrua berriro murriztera. Erdira edo. Esan bezala, hemendik aurrera hortxe ibiliko naiz, 45 km. horien mugaren barruan, ondo bidean eta urte bakar batzuren buruan, oilo-lurrean bukatzeko. Hau da, hiriko parkeetan.