Mendia (V)
Atera eta sartu ez, zorroa bete da airez», zioten gure aurrekoek. Bada, horixe bera gertatzen zaio nire mendi kontuen zorroari: laster hutsik geratuko dela. Edo, bestela esanda, iturria agortzear dagoela. Bi tanta baino ez zaio geratzen, eta gaur bat isurita, hurrengoarekin amaitutzat emango dut uste baino gehiago luzatu den biluzte lan hau.
Gaurko gaia, egun, saihestezina da: teknologia berriak. Gure bizitzaren arlo gehienetan bezala, mendian ere indarrez sartu zaizkigu. Ez ditut zaku horretan sartuko oinetako, jantzi, bizkar zorro eta abarretan lortutako hobekuntzekin zerikusia izan dutenak. Hemen hizpide hartuko ditudanak komunikazio eta geolokalizazioari lotutakoak dira, hots, sakeleko telefonoak, eta haien baitako GPS eta antzeko aplikazioak.
Orain arteko artikuluak irakurri dituenak, halakorik baldin badago, pentsatuko du aipatu teknologien aurka azalduko naizela. Auzia ez da hain erraza. Aitortzen dut aurrerapen handia ekarri dutela, eta, bakarrik nabilenean, neronek ere telefono mugikorra eramaten dudala. Besterik ez bada, argazkiren bat ateratzeko, edota ezbeharrak estutuz gero, laguntza eskatu ahal izateko. Eta, jakina, etxekoak lasaitzeko.
Baina bide erakusleekin uzkur nago, mendian ibiltzeko era nabarmen aldatu dutelako.
Gaur egun ez dago gidarien edo bideko seinaleen beharrik. Lasai asko joan daiteke mendi ezezagun batera GPSdun tresnatxoaren laguntza soilarekin. Kezkarik eta beldurrik gabe. Are gehiago, hainbatetan baita harrokeria puntu batez ere, natura oinazpian hartu izanaren sentsazioarekin. Ni bai hamalau!
Nik, ordea, ez diot Basajauni lekua kendu nahi. Ez dut bide erakuslerik baliatzen, irabaziko nukeena baino gehiago galduko nukeelakoan: abentura kutsua, erne ibili behar hori, apaltasuna, mendi ikuskera erromantikoa… «Ez zenuke horrelakorik esango, halako batean galduta ibili bazina», aurpegiratuko dit baten batek. Mendian galdu! Ez da, ez, berriketa, berriketa ez denez!
Gipuzkoan galtzea zaila da, mendia bidez eta pistaz josita baitago. Bidez bide eta pistaz pista, beti beherantz, luze gabe, basetxe, auzune edo herriren batekin topo egingo duzu, eta handik, inor aurkituz gero, ibilbidearen abiapuntura joateko modua izango duzu. Nafarroako mendialdea besterik da, han dena handiagoa delako. Hango pagadi malkartsuetan pare bat aldiz ibilia naiz alderrai, noraezean, galduta. Batean, gorabehera askoren ondoren, Lanz herrian azaldu nintzen, franko hustuta. Eta bestean, gora eta behera luzaroan ibili eta gero, zuela bizpahiru urte neronek jarritako seinale batek estualditik atera ninduen. Hura lasaitua une hartantxe hartu nuena!
Nork bere burua galduta ikustea, bakarrik eta laguntzarik eskatzeko baliabiderik gabe, bizipen interesgarria da. Norberaren izaera hobeto ezagutzeko parada ederra eskaintzen du, baina latza da, gogorra. Hala ere, esango nuke mendizale orok, ezagutu beharko lukeela. Mendiaren aurpegi ilunetako bat, alegia, baina, azken batean, mendia hura ere.
Mendizalea ikusten dudanean burumakur, bere bi bastoiekin erritmo jakin batean tipi-tapa, tipi-tapa doala, eskura duen GPSak markatzen dion bideari zintzo jarraiki, betaurreko beltzekin, kapela berezi batekin, edari isotonikodun ontzi eta botikinekin, teknologia berri ugariz hornitua (pultsometroa, desnibel neurgailua, erretako kalorien kalkulagailua, eta nik al dakit zenbat gauza gehiago!), gogoeta bat egin izan dut sarri. Mendian ugarituz doazen argindarra sortzeko haize errota mardulen sustatzaileak mendia industrializatzen ari direla esan ohi da. Bada, ideia horretan berresten naiz mendizaleak robot bihurtzeko bidean ikusita.