Mendia (VI)
Hainbatetan, lanbideari aurrenekoz ekiterakoan, profesional berriek halako kode etiko edo deontologiko bati atxikimendua agertu behar izaten diote. Hor ditugu, kasurako, sendagileen Zin Hipokratiko, eta zenbait politikariren lurraldeko legeak bete eta betearaziko dituztenekoa. Bada, mendizaleek horren antzeko zerbait egin beharko balute, honako hauxe litzateke bete beharreko arau bakarra: mendian errespetuz ibili.
Mendia kontzeptu orokor, are abstraktu, samarra da. Horregatik, mendiarekiko errespetua eskatzean, mendia osatzen duten izaki guztiekikoa galdegiten da. Errespetu hitzak ere interpretazio ezberdinetarako bide ematen du. Hori dela eta, gauzak zehazte eta argitze aldera, esango nuke mendia errespetatzea dela dena topatu dugun bezala uztea. Hizpide dugun araua zorrotz betetzera, dagoen guztia bere horretan uzteaz gain, ezingo genuke mendian ezer utzi, ezta handik ezer ekarri ere.
Gauza jakina da, orobat, legeek beren salbuespenak izaten dituztela, eta mendizaleenak ere baditu bereak; nork bere buruari aitortutakoak, hain zuzen. Lantegi horretan ezinbestekoa da zintzo jokatzea, salbuespenak gutxi izan behar baitute; asko badira, araua ahula da. Bestalde, naturarekiko gutxieneko sentiberatasuna izan ezean, nekez lortuko da arlo horretan ezer onik.
Nik neure buruari lau salbuespen onartzen dizkiot. Lehena, bidera ateratzen diren laharrak eta sasiak jotzea edota moztea, eta pasoa oztopatzen duten eroritako adarrak eta bestelako egurrak bidetik ateratzea. Bigarrena, erasora datozkidan euli ziztatzaileak akabatzea, besteak beste, etxabereei mesede egitearren. Hirugarrena, oso polemikoa, sagar-azalak txoko ezkutu batean uztea, egiaztatu baitut epe laburrean desagertzen direla. Eta azkena, zuritzen zailena, hiru urtean behin litro bat patxaran egiteko behar diren basaranak (300 bat gramo) biltzea.
Aitortza eginda, errespetuz ibiltze horren adibide gisa, benetan gertatutako pasadizo batekin emango diot bukaera idazlanari, eta, horrenbestez, baita mendiari buruzko nire gogoetei ere.
Aralar mendiari urteroko bisita egitea deliberatuta, hiru lagunek udako egun garbi bat aukeratu zuten Larraitz – Igaratza – Larraitz ibilbidea egiteko. Goiz abiatuta, eguerdirako Igaratzan ziren, arazo handirik gabe. Uda mina eta haizerik gabeko egun eguzkitsua izaki, bero galanta egiten zuen, eta bazkalondoren, eguzki galgatan, gure lagunak estutzen hasi ziren. Luze gabe, hiruretako bat itzalpe bila hasi zen, atsedenalditxo bat egiteko. Baina han zuhaitzik ez dago. Han-hemenka elorri zuri batzuk baino ez, eta txikiak gainera. Eta eguzkia goi-goian egonda, haien itzala hutsaren hurrengoa zen; aintzat ez hartzekoa.
Izerdi patsetan eta etsia hartzen hasiak zirela, halako batean, bidezidorraren goialdean, 30 bat metrora, itxurazko elorri bat ikusi zuten. Hark bai, hark itzal egokia eskainiko zien! Hiruretan zailduena aldapan gora abiatu zen abaro aukerak aztertzeko, eta etsipenezko keinua eginda, lagunengana bildu zen berriro. «Okupatuta zagok», esan zien. «Hiru lagun zeudek luze etzanda, eta gerizpe osoa hartua ditek». «Hau duk, hau, kukuak oker jotzea» esanda, hortzak estutu, eta aurrera jo zuten. Bide zati luzea isilik egin ondoren, lagunetako batek esploratzaileari galdetu zion: «Morroi haiek zer ziren, mendizaleak ala abeltzainak?». Eta besteak: «Hiru biga eder zituan, pirinaika mestizoak edo». «Zeer?», besteek. «Zergatik ez dituk uxatu?». «Hi haiz, hi, kabroia!». Baina hitz horietan sumindurarik ez zegoen, barru-barruan adiskideak ondo jokatu zuela aitortzen zutelako.