Merezi ote du?
Duela ez asko euskarazko bi hedabidetan bi artikulu irakurri ditut aspaldiko eztabaida bat gogorarazi didatenak. Pertsonalki ez ezagutu arren, egileak estimu handitan ditudan beren lan arloetan nabarmendu diren bi lagun dira.
Oso bi gai ezberdin jorratu zituzten beren idazlanetan: ingurumena bata, eta euskara bestea. Hala ere, gaizki ulertu ez banuen, biak ondorio berberera iritsi ziren: gizarteak egun dituen arazo nagusiei aurre egiteko orduan gizabanakoen, herritar arrunton ahaleginek ez dutela ezertarako balio. Hain dela hutsaren hurrengoa gutako bakoitzak egin dezakeena, non ez duen ezertan hastea merezi.
Adibide gisa, ur kontsumoaren murrizketa desiragarria jarri zuen batek; natur baliabide mugatu horren mundo mailako eskaria etengabe gora doan bitartean, ur edangarriaren hornikuntza ez dagoela bermatuta. Beraz, neurriak hartu beharrean gaudela, eta, horretarako, uraren inguruko gure ohiturak ezinbestean aldatu behar ditugula, hobeto erabilita, kontsumoa gutxitze aldera. Ni horretan erabat ados.
Gaia aztertuta, industriaren, enpresen eta nekazaritzaren kontsumo itzelak ikusita, artikuluaren egileak hor eragin behar zela zioen, eta nik ez dut kontrakorik esango. Baina horretan soilik? Herritarron ur-kontsumoaren daturik ez zuen eman, baina haren hitzetatik askoz txikiagotzat jotzen zuela ondoriozta zitekeen. Eta ni ez nago horretaz hain ziur. Izan ere, etxe, ostatu, bulego, denda eta abarren kontsumoa batuta, gorago aipatutakoen mailakoa ez bada ere, ez da gauerdiko ahuntzaren eztula izango. Beraz, aintzat hartzekoa hura ere.
Eta euskara hizpide hartu zuenak, gauza bera: hizkuntz politika egokia izan ezean, alferrik ibiliko garela inurriok afanean.
Bada, irakurle, ideia horiekin ni ez nator bat. Askoren gustuko mezua dela ezin uka, ezer egin gabe erosokerian bertan goxo egoteko zuribidea eskaintzen diotelako. Baina horrela herria desaktibatu egiten da, noiz eta arlo askotan ahaldundu nahi den garaian. Herritarrari gogoa piztu behar zaio: «Zu ere garrantzitsua zara, zure jarrerak asko balio du, eragin biderkatzailea duelako. Nondik aterako dira enpresari eta politikari arduratsuak kontzientziatutako jendarte batetik ez bada?».
Gainera, zerbait on egin izanaren sentsazioa gogobetegarria da, eta indarra ematen du gero ahaltsuei zerbait eskatzeko orduan. Egin eta eragin.
Ez ahaztu: baten emaitza huskeria izango da, baina, asko izaki, gu guztiona ez. Hortan ez izan zalantzarik. Begiratu, bestela, pentsiodun eta erretiro hartutakoen oldarraldiari. Eta gogoan izan gure aurrekoen hitzak: aleka bihitegia betetzen da.
Hortaz, izenburuko galderari erantzunez, bai, merezi du.