Merkataritza txikia eta 2020. urtea
Egoera zaila bizi du merkataritza txikiak, eta ziurgabetasunez beteriko etorkizunari aurre egin beharko dio. Kontsumo ohitura eta banaketa-kanal berrietan lehiakor izateko erronka gogorra izango dute. Desioak beteko balira, Amazon eta merkataritza gune handiak desagertzea eskatuko genuke, ez baitute gure hirian aberastasunik sortzen (kanpoan ordaintzen dituzte zergak), lan hitzarmen kaltegarriagoak dituzte, lan baldintza ezegonkorragoak dituzte eta karbono-aztarna handiagoa sortzen dute, besteak beste.
Merkataritza txikiak bizi duen egoera zaila ezagututa, soilik eskumena duten erakundeen benetako esku-hartzea eska dezakegu, merkataritza txikiaren arazoak konpontzen lagunduko duten programak garatzeko. Itsasargi on bat behar da kaira iristeko.
Era berean, merkataritza txikiaren alde lan egin ahal izateko, beharrezkoa da merkataritza txiki horren aldeko apustua egiten duen hiri eredu bati erantzuten dion plangintza estrategikoa izatea; identitate komertzial propio eta bereizgarri baten alde, auzoetan merkataritza garatzearen alde, bizilagunei oinarrizko merkataritza eskaintza bermatuz. Beharrezkoa da merkatari txikiari erraztasunak ematea, bere jarduera komertziala beste operadore batzuekin baldintzan berdinetan egin ahal izateko (presio fiskala, kontsumitzaileen irisgarritasuna eta abar).
Ba Gera Elkartetik sektore aktibo, inplikatu eta aldarrikatzaile bat sortzeko lan egingo dugu bidezkoak ez diren jokabideen aurrean. Sektorearen interesak defendatzen ditugu, jokaera publikoak fiskalizatuz. Merkataritza txikiari balioa ematen dioten ekintzak, etengabeko hobekuntza sustatzen dutenak eta berrikuntza programak bultzatu nahi ditugu. Baita tresna estrategikoak ere, ia 10.000 pertsonari lana ematen dien sektore honen mantenurako.
Sektorearen errekuperazio ekonomikoa sustatzea tokatzen da, enpresen lehiakortasuna sendotuz. Hori soilik sektore inplikatu batek, erakunde konprometituek eta kontsumitzaile sentsibilizatu zein arduratsuek lor dezakete.