Merkatua: jainko berria
Merkatua dela gaur egungo jainko berria esaten badugu segur aski inor ez da harrituko, aitzitik, baieztapen horrekin bat etorriko da. XXI. Mendean gaude eta Friedrich Nietzschek (1844-1900) aspaldi esan bazuen ere jainkoa hil dela, ezin ukatu jainko berri bat dugula gure artean.
Bai, merkatua da jainko berria eta ekonomia bere teologia eta ekonomistak teologo nagusiak. Komunikabide handietatik eta publizitate agentzietatik sortzen dira dotrinaren zabaltzaile nagusiak, tenpluak, berriz, bankuak eta burtsa eta politikoak dira harreman publikoak egiten dituztenak. Ekoizpenak eta kontsumoak osatzen dute erlijioaren erritoa.
Munduan paradisua kapitalaren bidez, irabazien pilaketarekin, erdiesten da eta ekoizten duzun kopuruaren arabera neurtzen da zu zarena. Ez duzu lan egiten bizitzeko, baizik eta bizi zara lan egiteko. Duzun kontsumitzeko desioak gero eta ondasun gehiago pilatzera eramaten zaitu eta zoriontasunaren gailurra pilaketa horren araberakoa izango da.
Duzuna izango zara. Horren ondorioz, antsietatea garai hauetako ezaugarri bilakatzen da. Beti desio hutsal berriak ditugu, inoiz ez gara asetzen, gehiago eta gehiago nahi dugu. Arrakasta izateak esan nahi du dirua pilatzea, zenbat eta diru gehiago izan orduan eta arrakastatsuagoa zara.
Gizabanakoa ondasunak kontsumitzen dituena da: mugikorrak, ordenagailuak, autoak, telebistak, etxeak eta beste ondasun materialak, eta horien guztien jabetasunak egiten gaitu boteretsu edo ahul, zenbat duzun hainbeste balio duzu.
Nondik sortzen zaigu jainkoa den merkatu hau?
Esaten digute Europan garatu zela erlijioaren baitan, batez ere Erdialdeko Europan, protestantismoaren babesean, eta hortik hedatu zela munduan zehar. Merkatuaren ekonomia monoteismoaren forma berria da. Jainko merkatua inoiz ez da okertzen, beti zuzena eta justua da, eta berak agintzen duena mandamentuak dira, beste edozeren gainetik dagoena.
Giza bizitza lana da, ekoizpen gaitasuna; natura, berriz, ekoizpena lortzeko baliabidea, amaitu arte ustiatu behar dena. Gizabanakoa ekoizle eta kontsumitzailea. Lehia da urrezko araua. Beraz, errukia, altruismoa, solidaritatea eta eskuzabaltasunaren gisako balioak iraganeko sineskeriak besterik ez dira.
Zer egin mundu honen aurrean?
Zorionez, badago merkatua den jainko berri honen aurrean amore ez emateko ahalegina egiten duenik, bide horri ezetz esaten dionik, bide horri uko egiten dionik. Ahalmena dugu merkatuak eskaintzen digunari itsu-itsuan segitu ordez, beste balio batzuetan sinetsi eta etorkizun gizatiarrago batekin pentsatzeko eta merkatuaren jainko horri mugak jartzeko. Horrela, sinisten dugun komunitate berri bat eraikiz etorkizuna prestatzen joateko.