Merkealdia hezkuntzan
Ezohiko egoera hau denontzat da berezia, eta ikasleak, noski, ez dira libratzen. Zaila da kontzeptu berriak barneratu eta aplikatzen jakitea. Are zailagoa, beraz, egoera ez presentzial honetan. Nire miresmen osoa dute ahalegin hori egiten ari diren nire ikasle guztiek. Chapeau!
Beste kontu bat da gizarteak barneratzen ote dituen kontzeptu berriak. Bizi dugun garaian, han eta hemen irakurri dudan iritzia «gainditu orokorraren» aldekoa da. Oso tristea egiten zait horrela merkantilizatzea hezkuntza. Gainditu edo ez gainditu. Horren sinplea izango balitz bezala. Axola al digu gure nerabeek (hau baita nire esparrua) ikasten ote duten ala ez? Axola al digu datorren ikasturtean nola egongo diren? Niri bai.
Kontuz! Ez gaizki ulertu nire hitzak… ez dut esaten presentziala balitz bezalako kalifikazioak eman behar ditugunik. Inondik inora! Hau ez baita presentziala. Baina, horren erraz hitz egiten duen jendeak, ba al daki 2. DBH-n dagoen ikasle batek, akaso, errepikatu behar duela 3. mailan dibertsifikazio kurrikularreko klaseetara joateko? Adibide bat besterik ez da, kasuan kasuko mila egoera ezberdin daude eta. Ez dezagun aplikatu orokortasuna kasu zehatzetan, mesedez. Bereziki hezkuntza indibidualizatua nahi badugu.
Bestalde, entzun ditut irakasleen aurkako hainbat komentario. Goazen zintzoak izatera. Lehenbizi esan behar da irakasle guztiak ez garela berdinak, eta ezin dela kolektibizatu kasu zehatz bat. Bestalde, beste kolektiboen lana errespetatzen dugun neurri berean gure kolektiboa errespetatzea gustatuko litzaidake. Gu ere guraso zehatz batzuen hezkuntzaren aurkakoak gara, baina ez dugu guraso guztien hezkuntza zalantzan jartzen. Irakasleak bezala, guraso hobeak eta okerragoak daudelako. Baina kontua da, guraso horiek guztiak pasa direla noizbait eskolatik, eta nola ez, «iritzi kualifikatu bat» dute edozer gauza, edonola adierazteko. Ba, sentitzen dut, niri ez dit formula horrek balio.
Bukatzeko, gogoeta bat egin nahiko nuke. Balkoietan osasun arloko langileak txalotzen ditugu, eta egun hauetan egin dituzten akatsak Murgari egotzi dizkiogu. Azken finean, bera da Osakidetzako burua. Eta, aldiz, zergatik egozten dizkiegu irakasleei hezkuntzan pairatzen ditugun arazoak? Uste al duzue guk ez ditugula Uriarte andereñoak ematen dizkigun jarraibideak aurrera ateratzen, derrigortuta? Benetan uste duzue independenteak garela zuen seme-alaben hezkuntza bidean? Ba, lagunok, jakin ezazue, nahiz eta telebistaren aurrean «gainditu orokorra» ez dela egingo esan duen, ikasturte amaierako agindua irakurtzen baduzue (guraso zaretenoi gomendatzen dizuet), argi ikusiko duzue ikasketa bermatzea baino gehiago, gurasoekin ez duela arazorik nahi, eta noski, irakasleak eta eskolak erabiliko ditu horretarako.
Niri ere ez zait hezkuntza sistema hau gustatzen. Mesedez, alda dezagun denon artean, baina bitartean, errespetatu gure lana. A! Lanean ari gara, nire ingurukoak bai behintzat. Majo gainera. Gure ikasleak izugarri estimatzen ditugulako, eta edozerren gainetik euren ongizatea nahi dugulako. Zuri, guraso maitagarria, gustatu ala ez.