Metro eta erdiko distantzia
Badirudi asteburu honetan hasiko dela amesgaiztoaren amaieraren hasiera; ia bi hilabete igaro ditugu etxean gordeta, oraindik ere sinestezina dirudien eta mundu osoa bereganatu duen osasun larrialdia gelditzeko. Esfortzu kolektibo izugarria egin dugu, behingoz denak elkar eginda eta helburu berdina errespetatuz; guztion osasuna defendatzea. Maiatzean sartu berri garen egun honetan, azkenik, gauzak aldatzen hasiko dira, eta normaltasuna berreskuratuko dugu pausoz pauso.
Baina zer da normaltasuna? Pandemia aurretik bizi genuen errealitatea normala ote zen ba? Ezin dugu ahaztu gaur Maiatzaren Lehena dugula, eta kalera irteten ez bagara ere, langileon eskubideak inoiz baino gehiago defendatu beharko ditugula; aurtengoa urte beltza izaten ari baita langileentzat. Koronabirusak albistegi guztiak irentsi dituen arren, ezin ahaztu 2020a hasi zenetik Hego Euskal Herrian hogei langile baino gehiago hil direla lan istripuz, eta oraindik ez dakigula ezer Zaldibarko bi langileez.
Ez dezagun geure burua engainatu; pandemiaren aurretiko normaltasunak zulo handiak zituen, eta horiek estali nahi baditugu ezin dugu aurrekora besterik gabe bueltatu. Krisi ekonomiko larri baten mehatxuarekin kikildu nahi gaituzte; baina ezin dugu ahaztu krisiak aukera berriak direla. Hauxe, orain arteko sistema ekonomikoaren akatsak zuzentzeko une egokia izan daiteke.
Bihar, maiatzaren 2an, kalera irteteko aukera izango dugu, baina ez da erraza izango. Balkoi artean inoiz baino gehiago batu gara, eta aldi berean, denbora askorako aldendu gara fisikoki; kalean aurpegi ezagunak ikustean ez dugu erreakzionatzen jakingo, besarkada bat emateko gogoak eta hurbiltzeko beldurrak burua erabat nahasirik.
Kaleak hutsik ikustera ere ohitu gara 40 egunen ondoren; berriro beteta daudenean antsietatea sentitzea ez da arraroa izango. Garai berrietara ohitu beharko dugu, eta aldi berean, garai berriak eraiki beharko ditugu. Gustatuko litzaidake pentsatzea aurtengo Maiatzaren 1a inoiz baino bereziagoa izango dela horrexegatik; behingoz, eskutik elkar eginda goazelako, elkarrekin eraiki dezakegun etorkizun berri horri itxaropenez beterik begira, metro eta erdiko distantzia mantenduta.