MGGDP
Amaitu dira, Porrontxoen baimenarekin, uda giroko jai eta festak. Azken asteetan, ordea, batzuek nahita puztu nahi izan duten gai bati eman diote komunikabide nagusiek zabalpena: Poliziarekin gora eta behera izan diren «liskarrei».
Kasurik entzutetsuenak Azpeitian pila kontainer batean egindako marrazketa batek eragindako erantzun poliziala eta Ondarroan agente bat txosna eremutik kanporatu izana izan dira. Aipatutakoak udako bi pasarte besterik ez dira, baina gizartean existitzen den eztabaidaren ondorio ere badira. Poliziaren aurka egon behar da? Poliziek eskubidea dute normaltasunez jai giroan egoteko? Udaltzainak ere poliziak dira? Polizia ez badago, nola bermatu kontrola gizartean? Polizia bera baino, polizia eredua al da kolokan jarri behar dena?
Galdera sorta hauek sarritan entzun ditugu azkenaldian komunikabideetan, kuadrillako eztabaidetan edo sare sozialetan. Bada ere eztabaida hau termino pertsonaletara eraman duenik, «jatorrak» diren udaltzainak ezagutzen dituelakoan. Dena den, hau ez da eztabaida pertsonal bat, eta gure egungo gizartean Polizia kontrola bermatzeko gorputza bada, orduan, zer kontrolatu behar duen galdegin beharko genuke. Begien bistakoa da aberatsen negozioak, ustelkeria, enpresa handien bidegabekeriak edota gizarteko desoreka sozialak kontrolatzeko ez dagoela Polizia. Kontrara, jabetza pribatuaren defentsa irmoa eta gizarteko sektore «aztoratuenak» firme mantentzeko gorputza da, eta, egungo gizartean, biolentzia legez erabili dezakeen indar bakarra.
«Batzuk Polizia onaren eta txarraren artean eztabaidatzen ari dira jada, guztiz ahazturik Poliziaren moduko erakunde batek zein interesi erantzuten dion»
Lan eta funtzio banaketa ezberdin bat izateak, ez du ekiditen eguneroko etxegabetzeetan, manifestazioetan, protesta sozialetan edota ordena apurtzen duen ororen gainean Ertzaintza, Foruzaingoa edota Udaltzaingoa ikustea. Ala ez al ditugu inoiz udaltzainak etxegabetze batean buru-belarri lanean ikusi? Kaleetako pankartak edota afixak kentzen? Edota borroka politikoa jazartzen? Inork ez du ukatzen udaltzain jatorrak egon daitezkeenik, auzokoak, batzuk ere gertukoak, baina horrek ez du bere egiturazko posizioa ukatzen.
Ordena eta biolentzia forma ezberdinak ez dira per se gaitzetsi beharreko elementuak, inondik inora. Agian, galdegin beharko genukeena da zeinen gainean ezarri behar den bai bata eta bai bestea. Guztiz desjabetuta dauden eta egungo ordena zalantzan jartzen duten horien gainean ez behintzat. Batzuk Polizia onaren eta txarraren artean eztabaidatzen ari dira jada, guztiz ahazturik Poliziaren moduko erakunde batek zein interesi erantzuten dion.
Ordena eta kontrola, gizartean miseria zabaltzen duten horientzat, ez da bihar izango, baina bitartean behintzat, bidean oztopoak besterik jartzen ez dituzten horiek gugandik urruti ibil daitezela.