Mikel Azpiroz, 'Gerturatu zaitezte proposamen berrietara'
Mikel Azpiroz, Musikaria
Miguel Martin zuzendariak bere blogean idatzitakoarekin bat nator. Herritarrak ezagutzen ez dituzten musikarien zuzenekoetara gerturatzeko gonbidapena luzatu zuen. Nik ere animatu nahi zaituztet Jazzaldian artista eta musika berriak entzutera. Izan ere, zirkuitu komertzialetik harago ere, badira proposamen interesgarriak. Gainera, Zurriola hondartzan eta terrazetan programatu dituzten emanaldiak apartak dira izen berri horiei aukera bat emateko. Aurtengo egitarauan, jakina, krisiak eragin nabarmena izan du. Faltan bota ditut proposamen batzuk, baina egia da hori urtero gertatzen zaidala. Etxean bertan bost egun ederrez gozatuko dugu, eta hori hala da. Donostiako Jazzaldian ikus ditzakezu agian Londres edo New Yorkera joanda ere ikusiko ez dituzunak. Hara joan, eta beharbada bat edo bi ikusiko dituzu. Luxu bat da talde horiek guztiak bost egunetan eta programazio baten barruan ikusi ahal izatea. Soilik Jazzaldiak ematen dizun aukera da hori. Jimmy Cobb, Gonzalo Rubalcaba, Bobby McFerrin & The Yellowjackets, Marc Ribot… Jazzale ortodoxoenak asetzeko moduko egitaraua du. Eta Jazzaleak bakarrik ez. Soula, rocka, popa eta beste hainbat estilo gustuko dituztenak ere erakartzen ditu jaialdiak. Euskal sortzaileak ere ez ditu ahazten, eta hori azpimarratu beharrekoa da, haiek ere Jazzaldian parte hartu behar dute eta. Esperimentu ederra egin dute, esaterako, Antony & The Johnsons eta Tolosako Et Incarnatus orkestra elkartzen. Bestalde, asko pozten naiz Hasier Oleagak Trinitate plazan aurkeztuko duelako bere proiektu berria: Cantus Caterva. Elkarrekin behin bakarrik jo dugu, duela bi urte Beldurrezko Astean. Zuzenean girotu genuen Nosferatu filma. Garirekin jo izan du, orain Ruperrekin jo ohi du. Baina oraingoan bera izango da protagonista. Gaur, Jazzaldiaren lehen eguna festa herrikoia izango da. Publiko orokorrarentzako proposamenak biltzen dituen eguna da. Musikaz kalean gozatzeko eguna. Sharon Jones & The Dap- Kings izango dira Agertoki Berdean. Modan jarri den neo soul-aren ordezkariak dira. Motown eta Stax diskoetxe mitikoen urrezko garaia dakarte gogora. Amy Winehouse-en aurrekariak dira. Iaz zendutako Londresko abeslariaren diskoetan jo ohi zuen, hain zuzen ere, The Dap- Kings taldeak. Travellin’ Brothers ere izango dira gaur. New Orleansko rock & rolla eta rhythm & bluesa ekarriko dute, baina Bizkaian egindakoa. Leioako seikote bat da, eta big band batekin datoz Jazzaldira. Blues banda dute, eta bizkorrak dira. Blues zirkutua indartsu dago, ez duela hamabost urte bezala, eta zuzeneko asko ematen ari dira. Diskoa kaleratu berri dute gainera. Triz3ps taldea, Dyana Kurtz, Alabama Shakes… Eguraldia lagun badugu, jendeak disfrutatzeko gau ederra egingo du. Jimmy Cobb bateria jotzaileak aurtengo Jazzaldia Saria jasoko du. Historiko bat da. Aurreko urteetan sari hau bera jaso dutenen inguruan esan izan dudana errepikatuko dut. Jazzeko izen handi hauek desagertzen ari dira, eta Cobb ere hauetako bat da. Historiko bat ikusteko aukera izango da Viktoria Eugenian. Trinitate plazara igotzen lehenak Marc Ribot & Los Cubanos Postizos izango dira. Duela hamar bat urte egon ziren hemen Donostian. Marc Ribot New Yorkeko gitarrista da, baina jende askorekin jotzen du. Tom Waits-en gitarrista ere bada. Irudimen handia du; gitarra jotzeko ohiko estiloa hausten du. Izugarria da. Jazz latino moduko musika egiten du, baina hau ere ezin da hain erraz etiketatu; hori ere bere erara egiten du. Oso estilo pertsonala du; eta beraz oso interesgarria. Viktoria Eugeniaren mendeurrenaren Gaujazza berezian Ray Gelato izango da. Swing eta jazz musika egiten du. Edonork gozatzeko moduko kontzertua izango da. Jamaican Legends-en kontzertua bertan behera geratu izanak izugarrizko pena eman dit. Oso Ernest Ranglin zalea naiz , eta jada ez da bera zuzenean ikusteko aukera asko izango. Bera ere adinean aurrera doalako… Gonzalo Rubalcaba eta Al Di Meola izango dira bere ordez. Hemen egon izan dira biak ala biak. Jazz munduan murgilduta lan egiten duten bi musikari birtuoso dira. Haien aurretik joko du Ninety Miles taldeak. Nicholas Payton kidea aspaldi egon izan da Donostian. New Orleansko tronpeta jotzaile ikaragarria da. Kursaalen Bobby McFerrin ikusiko dugu, jazzaren lehen erakusleetako bat izan da. Orfeoiarekin ikusi genuen azken aldiz, baina, oraingoan bestelako emanaldia egingo du. Hain zuzen, proiektuen elastizitatea da jazzaren ezaugarrietako bat. The Yellowjackets talde mitikoa izango du berarekin. Kontzertu handia izango da. Hondartzako kontzertuetan The Waterboys taldearena gomendatuko nuke: ez da jazza, baina merezi du. Haiek baino lehen joko du Jonathan Wilsonek. Iaz Jackson Brownekin jo zuen. Egungo americana estiloan oso interesgarria da Kenny Barron eta Mulgreew Miller pianistak Trinitate plazan izango dira. Ezagunak dira jada Jazzaldian. Eskolako jazza egiten dute. Azken egunean Miles Smiles igoko dira agertoki berera. Miles Davisekin jo duten musikariak dira guztiak. Kristoren musikariak dira guztiak: Darryl Jones, esaterako. Rolling Stones-ekin jotzen duen baxu jotzailea da. Bill Wymanek taldea utzi zuen 93an, eta bera sartu zen haren ordez. Edo Omar Hakim. Donostian izandakoa da, bateria jotzailea. Sting-en bandan jo du. Nik aurten gustura ikusiko ditut Marc Ribot, Jimmy Cobb, Ninety Miles, Jonathan Wilson, Kenny Barron, Hasier Oleaga, Madeleine Peyroux eta Miles Smiles. Zuek ere egin ezazue zuen aukera.