'Mila esker'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Bi hitz besterik ez dira. bi. Eta bi kasutan erabili izan ohi ditugu normalean hitzok. Batetik, mesede bat inori eskatu izan ohi dugunean, eta berak modu egokian –edo saiatuan– eskatutako hori egin badu –edo egiten ahalegindu bada–, ordainetan, bi hitzok zintzilikatzen dira ahots kordetan. Irten beharko lukete behintzat.Bestetik, berriz, zer edo zer egin, eta egindako horrek besteen miresmena sortzen badu, euren esker onari erantzuteko esan izan ohi ditugu bi hitzok. Baina, ez mesede batengatik… ez egin dugun zer edo zerrengatik… urtean behin, bi hitzok, 24 orduz –eta batzutan ordu batzuk gehiagoz ere– gure mihian marrazten ditugu. Mundura etorri gineneko egunaz ari naiz. Batzuk asko, beste batzuk gutxi, neurrian edo neurritik kanpo, baina egun horretan jasotzen ditugu zorion deiak, zorion SMSak, zorion emailak… eta egungo Facebook eta delakoetan, zorion hitzak. Urtearen bigarren egunez jaio nintzen ni. Urtearen bigarren egunez iritsi nintzen mundu zoragarri honetara. Mundu zoragarri, ejem, honetara! Mila esker, mila esker, mila esker… Esker onekoak izaten gara gurekin oroitzen direlako halako egun batez –eta esker onekoak batik bat, egun honetan bakarrik oroitzen ez direlako–… baina, esker onekoak ote gara gu? Halako egun batez, hainbeste zorion mezu jasotzearen errudun diren horiekin, esker oneko ote gara? Halakoetan, «mila esker» horiek, bi norabidetan bidali beharko genituzke. Batetik, mila esker halako egun batez gurekin oroitu den horri; baina bestetik, mundura ekarri gintuzten horiei, esker mila. Ama eta aita, esker mila! Mundura ekarri izate hutsa, eskertzeko aski motibo izan arren… egunero, egunerokoagatik…. esker mila, aita eta ama. Une onak, une txarrak, zoriontsuak, ahazteko modukoak… guztiak bizi izan ditugu, eta guztiak bizi izanagatik, esker mila. Esker mila, ama. Esker mila, aita! Urteko lehen egunez idatzi dut testu hau, irakurle. Alegia, idazten ari naizen unea eta argitaratuko den eguna bitartean pasako da urtarrilaren 2a. Ez dakit zenbat zorion mezu jasoko ditudan bihar… asko edo gutxi izan arren, esker mila, aita. Esker mila, ama. Eta zu, irakurle, azken lerro honetara iritsi bazara, esker mila… eta bidenabar, gurasoengana hurbildu zaitez, eta begirada xume batez, edo paper txiki batean idatzi… esker mila… bi hitz, bi hitz besterik ez dira, bi.