Minbizia burgesa da
Gaixo onkologikook, tratamenduekin batera, zainketa batzuk behar ditugu, egun, gehienak, osasun publikoak bere gain hartzen ez dituenak.
Kontsumo gizarte kapitalista honetan, bete-betean irenstera behartuta gaude. Bizitza duin samarra izateko poltsikotik ordaindu behar ditugun produktuen zerrenda amaigabeaz gain, profesionalen zerrenda ere, luzea dugu: psikologoak, sexologoak, fisioterapeutak, prestatzaile fisikoak, nutrizionistak… Odoluste ekonomikoa izugarria da.
Bizi kalitatea eskubide bat da, eta ez genuke gure ongizatea erosi behar.
Osasun publikoak gaixotasunaren tratamendu integrala eskaini behar du. Kontua ez da tumoreak akabatzea soilik, gaixotasunari lotutako ondorio guztiak ere desagerraraztea baizik.
Bereziki odoltsua da diagnostikorik kaskarrenen egoera, metastasiena, gaur egun sendaezinak baitira.
Ahalegin gehigarri bat behar dute, bai maila ekonomikoan, bai giza mailan.
Premiazkoa da gutxienez gaixotasuna kroniko bihurtzen duten eta gure bizitzak luzatzen dituzten botikak ikertzea eta horiekin esperimentatzea. Kasu horietan, eskatzen dugu ahalik eta azkarren eta premiazkoena izatea, eta hor geratzen da nabarmenen erakundeen kalitatearen defizita.
«Geratzen zaigun bizitza gutxieneko duintasunez bizi behar dugu. Duintasunak, erosi behar denean, duintasun izateari uzten baitio»
Enpresa farmazeutikoak gure bizitzekin jolasten dira eta eroslerik onenari saltzen zaizkio, gobernuek bizitzak salba ditzaketen botikak onartzeko eternitatea behar duten bitartean.
Bizitzaren eta heriotzaren arteko marra mehea zikoizkeriak, botereak eta diruak markatzen dute. Neoliberalismoak bizitzaren merkantilizazioa dakar.
Jakin badakigu, horretarako diru iturri handia behar dela, baina, era berean, ohartzen gara, batez ere, borondate politikoa behar dela.
Ez zaizkigu oharkabean pasatzen gobernuek beste proiektu hutsalagoetan eta are alferrikakoetan egiten dituzten milioi askoko inbertsio ekonomikoak.
Nahiago ditugu kanpaina arrosak, egitekotan, makro proiektu hauek finantzatzeko izan daitezen, eta, herritar xumeok ordaintzen ditugun zergak, minbiziaren prebentziorako eta ikerketarako bideratzea.
Bestalde, egoera zaurgarrienean eta prekarizatuenean dauden emakumeak ezin ditugu sekula ahaztu.
Gure inurritegian leku goxo bat egina dago guztiontzat, sistema honek, bazterretan bizirautera kondenatzen dituen (gaituen) bitartean.
Eta, jakina, heriotza duina eta kalitatezko zainketa aringarriak behar ditugu, bai, baina geratzen zaigun bizitza gutxieneko duintasunez bizi behar dugu, baita ere. Duintasunak, erosi behar denean, duintasun izateari uzten baitio.