Mingainak dantzan jartzearen garrantzia
Mende laurdena, 25 urte, bete ditu Bagera elkarteak bultzatutako Mintzalaguna ekimenak. Bidelagun gisa zortzigarrena dut aurtengoa, eta izan ditudan bizipenen berri idazteko baliatuko ditut ondorengo lerroak.
Donostiarra naizen arren, Leioako unibertsitatean ikasle nintzela izan nuen ekimenaren berri. Interesgarria iruditu zitzaidan, baina urte batzuk pasa arte ez nuen parte hartzeko urratsa egin. Nire burua lasaitzeko asmoz-edo eman nuen izena bidelagun gisa. Euskara galbidean nahi luketenen aurka gaizki esaka aritu beharrean, zergatik ez euskaraz ikasi nahi dutenei laguntzen saiatu? Zortzi urte igaro dira ordutik, eta ez dut zalantzarik gehiago ere izango ditudala aurretik.
Bagera elkartearen egoitzan izaten da aurreneko saioa. Bagerako Aitziberrek hitzordua jarri eta han ezagutzen dugu elkar taldekide izango garenok. Mintzalaguna urduritasun puntu batekin doa hitzordura, kezka eta lotsa elkar nahasian dituela. “Euskaraz apenas dakit, barregarri geratuko naiz…”. Mintzakide gisa, nik ere badut jakin-mina eta kezka: “Nolako taldea izango dut aurten? Haien denbora eskainiko diote euskarari, ikasteko eta hobetzeko helburuarekin. Ezin dut hutsik egin eta denbora alperrik galtzen ari direla sentiarazi”.
Elkar aurkeztu, mahai baten bueltan eseri, eta bost minutu nahikoa izaten dira urduritasun, kezka eta beldur guztiak uxatzeko. Datozen asteetarako elkartuko garen lekua eta ordua adostea da hurrengo egitekoa, eta handik aurrera mingaina dantzan jartzea.
Iritsi da bigarren eguna. Tabernan elkartu, kafea eskatu eta hasi gara hizketan. Gustura, pixkanaka elkar ezagutuz, elkarri galderak egin eta erantzunez. Garbi utzi diet ni ez naizela irakaslea eta hau ez dela ohiko klase bat; akatsak akats, helburuak giro ludiko eta atsegin bat sortu eta mingaina askatzea eta beldurra eta lotsa galtzea direla. Ordu bateko saioa izango zena ordu eta erdira luzatu zaigu, oharkabean. Ez da seinale txarra.
Euskaraz bizi direnak eta ikasten edo egunerokoan euskaraz hitz egiteko aukerarik ez dutenak elkartzen gara. Baina jendea ezagutzeko eta harreman berriak sortzeko modua ere bada, eta, hain zuzen, hortxe dago ekimen honen ekarpenetako bat: parte hartzen dugunok, euskaraz ezagutzen dugu elkar, eta hizkuntza batean hasitako harremanak hizkuntza horretan jarraitzen du kasu gehienetan.
Baina ez da soilik euskara ikastea. Euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko beste modua ere bada. Mingaina dantzan jartzeak lagunak egiteko ere balio baitu, eta elkarren arteko solasaldien bidez elkarren artean ezagutzak partekatzeko ere bai.
Horregatik, esker mila Bagera, eta esker mila Josetxo, Nekane eta Miriam, Cristina eta Nahikari, Jon eta Itziar, Susana eta abar. Segi mingaina dantzatzen.
Dozena bat lagunek erein zuten hazia Donostian, eta Euskal Herri osoko ehundik gora herri eta hiritara zabaldu da urteen joan-etorriarekin. Tokian-tokiko izen eta ezaugarri propioekin sortu dira taldeak, baina izan mintzalagun, berbalagun edo solaslagun, guztiek dute helburu bat: mingaina euskaraz dantzan jartzea. Hizkuntza batentzat ezinbestekoa baita erabilera, biziraun ez ezik, bizi-bizirik jarraitzeko.
Ekaitz Agirre Intxausti, bidelaguna.