Mintzalaguna egitasmoa, ahalduntzen gaituen sarea
Donostian, Bagera elkartean, euskaraz egiteko batzen garen lagun talde ederra gaude. Lehenengo egunetik, euskaraz elkarrekin mintzatzea dugu xede; horretan denok ados gaude.
Astean behin izaten da juntadizoa, hitzordua ez da asko aldatzen egun batetik bestera, ordubeteko saioak egiten ditugu eta akordatzerako pasatzen zaigu denbora, eta hurrengo saiorako dena lotuta uzten saiatzen gara mahaitik jaiki aurretik.
Bidelagun eta bidelari taldetxoek, bakoitzak bere tokian egiten ditugun saio guztiak hiriko mapa batean gertatzen ari diren unean ikusiko bagenitu, argitasun ugari ikusiko genituzke hiri guztian zehar. Gure begien aurrean izango genuke osatzen dugun sarea, batzen gaituena.
Baina bada beste modu bat gu denok osatutako sare hau ikusi eta dastatzeko, Bageran asmatu dutena: noiz behingo irteerak. Izan ere, noizean behin Bagerako kide guztiak izaten dugu aukera irteeretara etortzeko, elkarren berri jakiteko, elkar ezagutzeko, eta proiektu baten parte sentitzeko.
Baina Bageratik egiten ditugun irteerak azaltzeko hori baino askoz gehiago kontatu behar da. Bageraren irteerak zerbait baldin badira, euskaraz bizitako esperientziak dira. Eta nolako esperientziak? Ba, euskalgintzako teknikari batek bere programan lehen lerroetan nahi izateko modukoak. Zerrendatzeak dakarren arriskuari kasurik egin gabe, batzuk aipatzera noa:
- Irakasleak izan gabe, euskaraz gozo egiten laguntzen saiatzen garenoi beldurrak uxatzeko balio digu, elkarren berri jakiten dugunean.
- Jende berria ezagutzen dugu euskaraz, eta jakina da, hizkuntza baten hasitako erlazioak hizkuntza horri bide ematen diotela aurrerago ere.
- Euskal Herriko geografia zeharkatzen dugu, eta euskararen eremua zabaltzen zaigula jabetuta, pozik bueltatzen gara.
Guk egiten duguna, gaur egungo paradigma aldaketaren anaia txikia litzateke, izan ere, badakigu gaur egun euskara eskoletatik atera behar dela, eta guk Bageraren irteeratan, euskara betiko bidelagun-bidelari jokotik ateratzen dugu.
Ez dira berehala ahazten Bageraren irteerak. Ezingo nuke ahaztu Tolosako kaleetan, Zerkausi barnean, ikusi, komentatu eta dastatu genuena, eta hori, eskultura batetik besterako bidean. Baina aukeratu behar baldin badut, azkenekoa gordeko nuke, Donostian euskararen historia gordetzen duten txokoak ezagutuz egin genuen kalejira eta ondorengo bazkaria. Niretzat Donostian jendetzaren artean euskaraz kantuz ibiltzeak eta hiriaren euskal-kutsua lagunartean dastatzeak asko balio izan zuen.
Esandakoagatik, Bageraren irteerak euskaraz bizitzeko aukera ederra dira, bai euskaraz ikasten edo maila hobetzen ari direnentzat, eta baita euskara erakustera ausartzen garenontzat ere. Oasi bat da euskaraz egiteko gogoz dagoenarentzat, edo hitz tekniko bat erabilita, arnasgune bat.
Bageraren irteeretara etortzea animatzen zaituztet, euskara ikasteko prozesuan esperientzia positiboak behar direlako, eta hori da guk jasotzen duguna irteera hauetan. Beste modu batera esanda, euskara lantzen aritzen garen bidelari eta bidelagunontzat, Bageraren irteerak goxokiak dira.
Juan Mari Apaolaza Estensoro, Bidelaguna