Mintzalagunak mintzapraktikarako
Udazkenarekin, ikasturte berriarekin, asmo eta erronka berriak abian jartzeko joera izan ohi dugu gutako askok eta askok. Edo berri berriak ez badira ere, hurrengo uda bitarteko bultzada ematen diegu gure interesguneei; hori bai, nork bere astoari arre eginez.
Testuinguru horretan, gutako batzuentzat interesgune bilakatu da euskararen erabilera areagotzeko baldintzak sortzea eta indartzea edozein esparrutan, izan lanean, izan zerbitzuetan, izan aisialdian edo izan beste edozein jardueratan. Langintza horrek askoren eta mota askotako jarduna eskatzen du.
Jardun horietako bat da hiztun euskaldunak adoretzea bizitzako edozein esparrutan euskaraz jardun daitezen. Eta beste bat, ez txikiagoa, euskaraz nahikoa gaitasunez moldatzeko mugak sentitzen dituzten herritarrei laguntza eta babesa eskaintzea, arian-arian, gero eta gehiago eta gehiagotan euskaraz jarduteko gauza izan daitezen.
Ahalegin horretan ekarpena egiteko sortu zen Donostian, Bagera Elkartearen eskutik, Mintzalaguna egitasmoa 1993ko abenduan, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak eta ohitura ez dutenak elkarreraginean jartzea ahalbidetzeko.
«Kosta daiteke mintzalagun izateko lehen urratsa egitea, baina behin hasiz gero, inork ez du atzera egiten»
Mintzalaguna egitasmoa mintzapraktika programa bat da. Hiruzpalau kidez osatutako taldetxoak antolatzen dira, betiere kideen zaletasunak, bizitokiak eta ordutegiak aintzat hartuz. Gutxienez astean behin elkartzen dira, kideen artean adostutako toki eta orduan, unean-unean interesgarri zaizkien gaiei buruz hitz egiteko.
Jardunbide horrekin euskaraz aritzeko erraztasun gehiegirik ez duten euskaldunen gaitasuna areagotzea bilatzearekin batera, solaskide berriak ezagutu eta harreman sarea aberastea nahi izaten da.
Baina asmoak asmo, dena ez da zuri. Euskaldun askori kosta egiten zaigu parte hartzea, zailegia egingo zaigulakoan, nola jokatu behar dugun argiegi ez izateagatik edo geure buruak, agian, oso gai ere ikusten ez ditugulako. Dena den, eskatzen duen dedikazioa ez da handiegia eta, gainera, Bagera Elkartea arduratzen da oinarrizko heziketa emateaz. Kosta daiteke lehen urratsa egitea, baina behin hasiz gero, inork ez du atzera egiten.
Bati baino gehiagori egitasmo xumea ere irudituko zaio, baina helduleku estimagarria da ikasten ari diren edo ikasi zuten euskara erabili edo praktikatu nahi dutenentzat edo ahaztu samar dutenak ere berreskuratze bidean jartzeko.


