'Mirakruz 19 eraikina'
Eraikigileen diru goseak, oro har, etenik ez duela gauza jakina da, Donostiako
etxebizitzen salneurriek muga guztiak gainditzen dituztela dakigun bezala. Bertako Udalak, Gros auzoko eraikin zaharrenetakoa botatzeko eta eraikigileari ahalik eta etekin gehien emango dion etxe berria egiteko baimena eman du. Hain zuzen, Gros auzoko Mirakruz kaleko 1888. urteko eraikin xarmangarri eta berezia da botako dutena. Etxe historiko eta auzoan erabat txertatuta dagoenak ez du erortzeko arriskurik, ladreilu gorriz apaindutako hiriko bakarrenetakoa da eta gune estrategiko batean kokatuta dago. Babesa aitortua zuen arren, babespetik kanpo utzi zuen Udalak eta, egun, bere heriotza sinatuta dauka. Orain hilabete parea, honen berri izan bezain laster, kezkatuta eta minduta, bizilagun talde batek SOS Mirakruz 19 plataforma sortu eta fatxadak mantentzearen aldeko borrokari ekin genion eta horretan jarraitzen dugu.
Dagoeneko 7.000 sinadura lortu ditugu. Udalari, eraikina guztiz bota beharrean, fatxadak mantentzeko ahalegin guztiak egin ditzala eskatu diogu behin eta berriz eta halaxe eskatzen diogu lerro hauen bidez, kulturaren adierazgarria den eraikin neoklasikoa desagertzea galera ikaragarria izango litzatekeelako, Mirakruz kaleko oreka arkitektonikoarentzat eta hiri osoarentzat.
SOS Mirakruz taldea