'Miramar Jauregia: Donostia ospetsua eta Donostia herrikoia'
Ondarea berreskuratzea, babestea edo ezagutaraztea zertarako? Nor izan garen jakiteko gure etorkizun hobea eraikitzeko. Ekite horiek ez dira soilik fisikoak, baizik eta kontakizunarekin ere loturik daudela; eta Historiak errelato asko ditu. 70 hamarkadan bi aktore emakumezkoen ideia telebistarako serie arrakastatsu bihurtu zen: Upstairs, Downstairs, XX. mende hasieran girotua. Hamar urte beranduago gure etxeetara Arriba y abajo izenarekin ailegatu zen. Arrakastaren gakoetako bat, normalean ahotsa ez zuen gizartearen sektore bati eman zitzaiola: etxeetako zerbitzuari, behekoei; behingoz ez ziren soilik “goikoak” mintzatzen.
Telebistako serie hori Donostian girotua izan balitz agian Miramar Jauregiko historia kontatuko luke. Izan ere, garai berdintsuaz eta bizimodu antzekoaz ari gara, berehala izango baita Miramar Jauregiaren 125. urteurrena.1893ko uztailaren 19an Maria Cristina Erregina erregeordeak eta bere seme-alabek lo egin zuten bertan lehen aldiz, Jose Goikoa udaleko arkitektoak zuzendu zuen obra bukatu ondoren. Jauregia, lur eremu zabal handi batean kokatua, garaiko ohiturei jarraikiz, etxe desberdinek osatu zuten: eraikin nagusia, zalditegia, sukaldeak, ofizioen etxea, lorezainen baserria, guardetxea… Beranduago horietako batzuk eraitsi eta beste batzuk eraikiko ziren; jauregia, hiria eta donostiarrak bezala, gutxinaka edo azkar garaiaren arabera, aldatzen joango zen.
125 urte hauetan Donostia, arestian esan bezala hiria eta donostiarrak, Miramar Jauregiaren antzean aldatu da, noski, mundua aldatu den moduan. Besteak beste, ikasi dugu historia kontatzeko modu anitz badirela; Historia istorioez osatzen dela, ikuspuntu askotatik irakur daitekeela; askotan soilik irabazleen, agintarien edo goi-mailakoen begietatik kontatu izan dela, baina ikuspuntu desberdinak kontuan izatea aberatsagoa dela. Ikuspegi oro kontuan izatea, beraz, helburu izan behar dugu, historia era egokiagoan irudikatu nahi badugu, behintzat gure arbasoen historiaren zein istorioen berri osatua jaso nahi badugu. Miramar Jauregiko 125 urteko historia horretan, beraz, mota guztietako pertsonek eduki beharko lukete leku edo isla, generoari, ofizioei, maila ekonomiko eta sozial desberdinei presentzia emanez.
Jauregiko eta hiriko historia askoren artean osatu zen: eraikuntzan parte hartu zuten 500 bat langileak; ondoren, Madrildik zetorren familiaren eta familiarekin batera zetorren gorte osoaren egunerokoari artatzeko lan egiten zutenak, hala nola, latsariak, etxezainak, lorezainak, zaldizainak, garbitzaileak, zerbitzariak, neskameak, sukaldariak… Alegia, familiarekin bizi zirenak, aparteko gela eta eraikinetan bada ere; bai eta bertaratzen ziren musikariak, abeslariak, mota guztietako artistak, ofizio desberdinetako konpontzaile eta langileak, edo bertakoen beharrak asetzen zituzten mota guztietako hornitzaileak ere (baserritarrak, harakinak, gozogileak, jostunak edo zapatariak…). Miramar ez zuten bakarrik bete 1893ko uztaileko gau hartan ama eta seme-alabek, ezta beraiekin batera bidaiatzen ziren beste senide eta langileek ere. Horregatik bertan lan egiten zuten donostiarrek edo inguruko herrietako gipuzkoarrek -gehienak udaro eta gutxi batzuk urte osoan zehar- espazio propioa ere eduki behar dute Jauregiko kontakizuna egiterakoan, orduko gizartearen parte ziren neurrian, egungo gizartearen arbasoak diren neurrian.
Horien guztien memoria jaso gabe ez dira 125 urte horien argazki erreala jasoko eta hori ziurtatzeko proposamen zehatz bat egin diogu Donostiako udal gobernuari: urteurrena ospatzeko egingo diren ekimenen artean Jauregiko historia osatzen duten ikuspegi oro presente izateko. Finean, Donostiako Historia osatzen duten errealitate guztiak kontuan hartzeko, ospetsuen zein anonimoen bizitza eta eginkizunak oroituz, Donostiaren eta donostiar desberdinen memoria osatuz, Donostia ospetsuaren eta Donostia herrikoiaren berri emanez. Londresko serie haren moduan, alegia.
Amaia Almirall (EH Bilduko zinegotzia)