'Monpaseko pasabidea, berriz ere'
Azken lau urtean, Eusko Alderdi Jeltzaleak ez du Estatu espainiarreko Ingurumen Ministerioak proposatutako Monpaseko pasabidearen eraikuntzaren inguruko iritzi argirik mantendu, nahiz eta 2007-2011 legegintzaldian Xabier Ezeizabarrenak, Donostiako Udalean jeltzaleen bozeramailea zenak, azpiegituraren aurkako jarrera mantendu. 2009an, gainera, Ezeizabarrenak proiektuaren aurkarko Erakunde Adierazpena aurkeztu zuen: “Badira askoz bideragarriagoak diren aukerak, ingurumen legedia eta lurralde antolaketarekin bateragarriak direnak”. Erakunde Adierazpen hura Odon Elorza sozialista alkate zela eta EAJ -Izagirreren legegintzaldian bezala- oposizioan zegoela aurkeztu zen. Ezeizabarrenak adierazpen hura aurkeztu baino lehenago ere, aurreko bozeramaile jeltzaleak, Roman Sudupek, Elorzarekin eztabaida sutsuak izan zituen.
Odon Elorza lehen aldiz alkatetzara iritsi zenetik, 1991an, -gogoratu behar dugu EAJ eta PPk zerrenda bozkatuenaren aurka Elorza jarri zutela alkate- Uliako itsasbazterrean -ingurumen batestuan- proiektu erraldoi bat aurrera eraman nahi izan zuen. Horren eredu dira 1996an Josep Borrel ministroak proposatutako betoizko pareta eta 2005ean aurkeztutako pasabidea. Azken proiektu hura, leundu egin zuen Eusko Jaurlaritzak, talde ekologistek eta auzo elkarteek egitasmoari beraien kontrakotasun irmoa erakutsi ondoren. Errealitatea honakoa da: Elorzak proiektuaren inguruan oihartzun mediatiko handia sortu arren, ez zuen aurrera eraman.
Aitzitik, dirudienez EAJk aurrera egindako bidea atzera egin du, bere iritzia aldatzeko. Eneko Goiak gidatzen duen jeltzale eta sozialisten arteko Donostiako Gobernuak pasabidearen beharra berreskuratu du -EAJk kanpainan berea egin zuen aldarrikapen hori-. Jeltzaleek azalpenak eman beharko dituzte.
Jabier Estebanez Laredo Eusko Alkartasunako Donostiako kordinadorea