Moroak gara behelaino artean?
Azken aste eta hilabeteotan, bolo-bolo dabilen kontua da immigrazioarena. Herrera, Martutene eta Egia izan dira azkenaldian gehien entzun diren kasuak. Irutxuloko Hitzan pasa den astean publikatutako erreportaje luze eta landua da horren adierazgarri. Jende gehienari, ordea, kostatu egiten zaio oraindik immigrazioaren eta segurtasun faltaren auzia zuzenean pobreziarekin eta gizarte bazterketarekin lotzea, eta horrek, egunerokoan sortzen diren jarrera arrazista eta xenofoboak agertzea bultzatzen du.
Faxisten dekalogoetako puntu nagusia izateaz gain, azkenaldian jarrera hauek gure betiko kuadrilla, ezagun edo bizilagun ezkertiarrek ere erreproduzitzen dituztenak dira. Beste askok ere aipatzen dute arazoa estrukturala dela, eta hortaz, Polizia baino, prestazio sozial gehiagoren premia dagoela. Pozgarria da Poliziaren zuriketatik aldentzen diren diskurtsoen agerpena, baina krisi estrukturalaren garaian, auziak bere errora joatea eskatzen du.
Auzia honakoa da: egungo sisteman ezinezkoa da azpiratuta eta pobrezia egoeran egongo ez den kolektiborik izatea. Labur esanda, auzi honek ez du konponbiderik, ez behintzat egungo sistemaren baitan. Segurtasuna eta immigrazioa ez dira arazo bat bere horretan, kontua da egoera zaurgarrian dagoen gero eta kolektibo zein norbanako gehiago dagoela. Poltsikoak diruz beteta dituztenek jar zitzaketen kolektibo zaurgarri hauentzako etxebizitzak, diru sarrera egonkorrak edo estatuak exijitzen duen burokrazia errazteko baliabideak. Hau, ordea, fantasia hutsa da.
Integrazioaren alde eta bazterketa sozialaren aurka zegoen bizilagun horri, arazoa begiekin aurrez aurre ikusten duenean, jarrera arrazista, klasista eta biolentoak azaleratzen zaizkio orain
Abegi etxeak deituriko eraikin kartzelario eta hotzak eta goraino gainezka eginda dauden zerbitzu sozialak dira erakundeen erantzun bakarra. Hainbat boluntario eta militanteren lanagatik ez balitz, jende hau askoz ere egoera zaurgarriagoan egongo litzateke.
Arazo hau ez da berria. Betidanik egon da gure hiri eta herrietako txoko ugaritan. Agian, egun gertatzen dena da arazo hori bera hainbat bizilagunek euren etxeko atepean ikusi dutela. Integrazioaren alde eta bazterketa sozialaren aurka zegoen bizilagun horri, arazoa begiekin aurrez aurre ikusten duenean, jarrera arrazista, klasista eta biolentoak azaleratzen zaizkio orain.
Ez omen ditugu gure auzoetan lapurretak, jarrera erasokorrak edo arrisku momentuak bizi nahi. Agian, pentsatu ez duguna da, sistema kapitalistak agindutako gure mundua horrelakoa dela, eta agian, orain arte ikusi ez ditugun pitzadurak, gure plazetan ditugula orain.