Mozalaren amaiera?
Eskubide sozial, zibil eta politikoen defentsa lan ardatz duen Piztu Donostia eragile sozialetik, «orain posible da» esaten genuen uda honetan, Madrilen osatu zen gehiengo parlamentario berriarekin, Sanchezen Gobernuak Mozal Legea indargabetzeko benetako aukera zuela azpimarratuz eta, bide batez, bere Gobernu Planean sartuta zuela gogoratuz. Badirudi, azkenean, EH Bilduren eskutik iritsi dela aldaketarako garaia.
Ia hamarkada oso batez, PPren eskutik onartu zen Mozal Legearen bidez botere estatal zein autonomikoek etengabe eraso egin digute. Donostian, adibidez, ehunka izan dira Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jarritako isunak, Mozal Legeari eta Mozal ordenantzari esker: Kataluniako erreferenduma 200€, Tsunami Demokratikoa 500€, hauteskunde politikoak 200€, turismoa 600€, euskal presoak 500€, erraustegia 400€, gaztetxea 400€, euskaraz aritzea 600€, G7 Ez 400€, Venezuela 700€, ekintza sindikala 300€, Askekintza 7.200€, maitasun erromantikoa 400€, desobedientzia 600€, Munilla 700€, makro epaiketa 150€… beste askoren artean. Sektore guztiak kolpatu dituzte, etxebizitzaren aldeko mugimendua, mugimendu feminista, langile mugimendua, gazte mugimendua, migrazioaren defentsarako mugimendua, euskararen aldekoa…
Hori ikusirik, Piztu Donostia eragileak adierazpen askatasunaren alde eta Mozal Legearen kontra antolatutako ekimenarekin bat egin zuten Donostian Satorralaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Gure Esku Dago, Bizilagunekin, Bilgune Feminista, Bake Ekintza Antimilitarista, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Ernai, ELA, LAB, Steilas, ESK, EH Bildu, Sortu, Equo Gipuzkoa, Podemos, Tabernarien Plataforma, Sare Antifaxista eta Karta Soziala eragileek, guztiek gure eskubide sozial, zibil eta politikoak aldarrikatuz.
«Esku soinuak egiten duen bezala, errepresioa zabaldu ala estutuko dute, beraien behar errepresiboen arabera. Gure eskubideen defentsari eutsi beharko diogu»
Baina bizi dugun krisialdi globalak jendartean eragingo dituen kalte ekologiko, ekonomiko, sozial eta kultural erraldoien aurrean indartuko den protesta eta matxinadaren aurrean, sistemak bere «ordena publikoa» bermatzeko sortutako legeak baztertuko dituela sinistu behar al dugu? Inondik ere ez. Esku soinuak egiten duen bezala, errepresioa zabaldu ala estutuko dute beraien behar errepresiboen arabera. Horregatik guztiarengatik, Mozal Legearen eraldaketa prozesuari ongietorria ematen badiogu ere, gure eskubide sozial, zibil eta politikoen defentsari eutsi beharko diogulakoan gaude.
Bestelako jendarte baten aldeko borrokan, erresistentzia zibilaren eta desobedientziaren estrategiak garatu behar ditugu. Erresistentzia zibilaren txanda da, eraikuntza nazional eta sozialaren matxinadarena. Dinamika instituzionalean murgilduta dauden euskal eragile politikoek ez dute horrelakorik egingo. Herri mugimenduaren ordua da.