Mundu berri bat
Amak behin baino gehiagotan bota izan du honako esaldia: «Zuen belaunaldiak ez du inolako gatazkarik bizi, ez dakizue zer den gosea, gerra, oinarrizko eskubideengatik borrokatzea…». Eta arrazoirik ez zitzaion falta. Orain arte, bederen.
Egun batetik bestera zeharo aldatu da mundua; kaleak hustu dira, lan erritmoa mantsotu da, dendak itxi dituzte, eta mundu osoan mezu bera errepikatzen ikusi dugu; etxean geratu.
Eta horrela, ia espero gabe, gure belaunaldiak gertaera historiko hau bizi du egunotan; heldutan ingurukoak nazkatu arte kontatuko dugu nola birus batek mundua seko gelditu zuen, nola herrialde guztietan izan ziren hildakoak, eta nola denok elkar eginda gainditu genuen osasun krisi hau.
Krisiak hori baitira; errutinaren gurpila irauli eta zerotik hasteko aukerak. Une zailetan, gure argitasun eta iluntasunak loratzen direla erakutsi digu pandemia honek, eta gizarte bezala benetan nolakoak garen neurtzeko esperimentuak. Eta esperimentuak iraun bitartean, gauza onak ere deskubritu ditugu; birus honi esker bizilagunak ezagutu ditugu, sare sozialak benetan komunikatzeko erabili ditugu, gure errutina itsua gelditu eta denbora mantsotu dugu, plazer txikiei ateak irekiz; irakurri, musika entzun, denboraz kozinatu, etxekoen konpainia sentitu.
Gaur etxean gaude, baina bihar aterako gara; galdera da, nola? Mundua berriro martxan ipintzen denean, zer nolako mundua eraikiko dugu? Bizilagunak agurtuko ditugu, ala berriro bueltatuko gara indibidualismoetara? Krisi honek ingurumenari arnasa eskaini dio, kutsadura mailak nabarmen jaitsi dituelako gure itxialdiak; berriro lehengora bueltatuko ote gara? Ala munduak hausnarketarako eskaini digun arnasaldi hau probestuko dugu?
Koronabirusak opari bat egin digu: denbora. Aspaldi bizi ginen ezertarako astirik gabe; lana, bidaiak, sare sozialak, Netflix… baina benetan axola duen ezer egiteko denborarik ez. Orain, behartuta bada ere, denbora eskaini digute: hausnartzeko, norberak bere burua zaintzeko, ingurukoen adiskidetasun eta maitasuna sentitzeko, atseden hartzeko… bizitzeko. Horregatik, ondo pentsatu jarraian botatako galderaren erantzuna; Eta zuk, zer egingo duzu guzti hau amaitzean?